
Aurten lehiaketak dituen berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Debagoieneko taldeez gainera Durangaldeko eta Debabarreneko taldeek ere esku hartzeko aukera izan dutela. Ez hori bakarrik, zuzenean arituko diren taldeak 20 izan beharrean 24 izango dira. Hortaz, sei kontzertu egun izango dira; horri urtarrileko finala batu behar zaio.
Askotariko musika estiloak
Danbakak dauzkan berezitasunei eutsita, edizio honetan ere kontzertu bakoitzean ahalik eta musika estilo gehien batzen saiatu dira antolatzaileak. Horren helburua da musika estilo zehatz bat entzuten duten zaleek bestelakoak ere entzuteko aukera izatea.
Hona hemen biharko (barikua) proposamena: ingelesez abesteko gaitasun handia daukan Mery May Arrasateko bakarlaria, Damudot Mallabiko heavy-thrash taldea, The 5 Twisters Arrasateko garage-rock talde beteranoa eta Abadiñoko Ymotek thrash-death-metal indartsua.