AHTa eraikitzeko desjabetzeak egin ezinda

Anboto 2008ko urr. 10a, 10:52
Iurretan eta Durangon be bertan behera utzi dute Abiadura Handiko Trena (AHT) egin ahal izateko lurren desjabetze-aktak sinatzea. Elorrion “arrazoi teknikoak” argudiatu zituen irailean Espainiako Sustapen Ministerioak, Niko Moreno alkatearen berbetan. Orain, Iurretan, “lurrak txarto neurtuta” daudela arrazoitu du Adif Tren azpiegitura administrazioak, eguaztenean EB-Berdeetako Jose Luis Zubillagak zehaztu duenez. Durangon, berriz, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) zerrendetako datu batzuk “oker” argitaratu ei direlako, AHT Gelditu! Elkarlanekoek argitu dutenez.
Iurretan eta Durangon be bertan behera utzi dute Abiadura Handiko Trena (AHT) egin ahal izateko lurren desjabetze-aktak sinatzea.
Elorrion “arrazoi teknikoak” argudiatu zituen irailean Espainiako Sustapen Ministerioak, Niko Moreno alkatearen berbetan. Orain, Iurretan, “lurrak txarto neurtuta” daudela arrazoitu du Adif Tren azpiegitura administrazioak, eguaztenean EB-Berdeetako Jose Luis Zubillagak zehaztu duenez. Durangon, berriz, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) zerrendetako datu batzuk “oker” argitaratu ei direlako, AHT Gelditu! Elkarlanekoek argitu dutenez.


AHTaren Durango-Zornotza tartearekin daude lotuta Durango eta Iurretako desjabetzeak; besteak beste, Tabiran eta San Andres eta Orozketan eragingo du, AHT Gelditu!-k dioenez. Kalteturiko lurjabeak 60 bat dira Iurretan; Durangon, Udala bera dago tartean.



AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, herenegun Iurretan elkarretaratzea egin zuten 40 bat lagunek, 08:30ean. “Iluntasunean eta inposatuz” dihardutela diote: “Ez da informaziorik zabaldu herrian, trena nondik doan, kaltetuak nortzuk diren, noiz hasiko diren… Hainbat aldaketa dago eraikuntza eta exekuzio egitasmoen artean; aspaldi egin ziren, baina, herritar eta Udalei ez zaie ezer azaldu”, dio Hodei Zenitakonandiak. Iurretan manifestazioa ere egin zuten atzo, Durangoko udaletxeraino.

Kaltetu berriak
Aldaketak direla-eta, lehenago kaltetu ziren batzuk orain ez dira kaltetu, eta alderantziz, Iurretan azaldu dutenez. Alberto Bereziartua da horietako bat: “Astebete da lurrak desjabetuko dizkidatela jakinarazi didatela. Baina beste ezer ez dakit: zer lur, noiz... Elkarlanetik jaso dut dakidana”. Okupatu aurreko akta lurretan egin behar dela gogoratu du Elkarlanak.

Diru publikoa “xahutzea” salatu du AHT Gelditu!-k, “krisi egora” eztabaidagai denean: “Gizartearen interesen kontra, galdetu gabe, jarraitu gura dute munstruo horrekin, beste gastu sozial batzuk ez direnean bermatzen”.



Hori berretsi du Iurretako ilegalizatutako ezker abertzaleko Mikel Ayartzaguenak, inguruarekiko eragina ez eze: “Inkongruentzia bat gehiago da. Batzuk egunean bertan abisatu dituzte. Errespetu falta itzela da”. Dinonez, “Durangoko errautsen zabortegi baten aldaketengatik, Izurtza –herri oso bat– ez da kaltetua. Nondik nora doan ere ez dakitela hasi dira lanak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!