EAE-ANV praktikan legez kanpo zegoen lehen ere, alkateek diotenez

Anboto 2008ko ira. 25a, 15:44
Joan zen astean jakin eragin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdi politikoa legez kanpo utzi duela, “erakunde terrorista” delakoan. Asteon, berriz, sententziaren berri eman du: Batasunarekin “hartu-emana” izateagatik utzi du legez kanpo.
Joan zen astean jakin eragin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdi politikoa legez kanpo utzi duela, “erakunde terrorista” delakoan. Asteon, berriz, sententziaren berri eman du: Batasunarekin “hartu-emana” izateagatik utzi du legez kanpo.

Alderdi biok iazko hauteskundeen ondotik “era koordinatuan” jardun dutela dio  Gorenak, eta ANVk ETAren atentatuak ez salatzea ere arrazoi lez erabili du . Erabakiarekin ANVren ondasunak likidatzeko agindu du.

ANVk, ustez Batasunarekin izandako hartu-emanagatik, “ETA erakunde terrorista politikoki laguntzen eta babesten” amaitu du  Auzitegiaren arabera. Alderdi bion hartu-emana 2007ko udal eta foru hauteskundeetan “frogatu” ei zen.

Eragin praktikoa lehendik datorrela azaldu du Elorrioko alkate Niko Morenok. Baltasar Garzon epaileak ANVren jarduera denak “zuhurtziaz indar gabe uztea” dekretatu zuenetik. “Egoera berrira moldatzera behartu gintuen eta alderdi lez ezin izan dugu jardun, ezta aportaziorik jaso ere”. Hori berretsi egin da orain.

Azken hileetan lez jardungo ei dute, Morenok azaldu duenez: “Taldea deseginda dago eta aholkularitza juridikoarekin aztertu behar dugu zelan bideratu egoera”. Eragin praktikoa lehendik datorrela adierazi du Atxondoko alkate Dabid Cobosek ere: “Ez da sorpresa izan. Joan zen asteko epaiak egoera konpontzen ez du batere laguntzen. Asteburuko ekintzek be ez: atentatu eta ilegalizazioen bideok ez gaituela konponbidera eroango argi dago”.

Izurtzako alkate Lorea Muñozek dioenez, “herritar denen kalterako” erabakia da. Udal jarduerak aurrera eroateko ez dela “batere era polita” dio, eta proiektuak garatzeko orain dituztenak baino “muga eta traba gehiago” jarriko dizkietela.

“Arazoa politikoa” dela onartuta, konpontzeko “bide bakarra” elkarrizketa dela dio Mallabiko alkate Aitor Loyolak. Herriak hautatuak direla eta “horrela den bitartean” lanean jarraituko dutela berretsi du. Gaur udalbatzarra egingo dute eta elkarretaratzea, ondoren. Elorrion bariku arratsalderako deitu dute udalbatzarra, 18:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!