Nazioartean saritutako argazkilaria irakasle

Anboto 2008ko ira. 25a, 10:27
Time, The Observer, Telegraph eta Independent aldizkarietan bere argazkiak publikatutakoa da Arthur, eta gaztea izanagatik argazkigintzan esperientzia eta intuizio handiko emakumea da.
Argazkigintza dokumentala lantzen duen Olivia Arthur argazkilari ingelesak argazkilari profesionalei zuzenduriko ikastaroa eskainiko du Zornotzako Zelaietan, urriaren 2tik 6ra.

Ikastaroa iragarri zutenean, hasiera batean, New York Times eta The Newsweek aldizkari amerikarretarako lan egiten duen Alex Majoli argazkilaria zen Zornotzako ikastaroa ematera etortzekoa, baina Majolik huts egin du; ezin izango du ikastaroa ematera Zornotzara etorri. Antolatzaileek ordezko paregabea ipini diote, hala ere: Olivia Arthur argazkilari ezaguna izango da Zornotzara gonbidatua; Time, The Observer, Telegraph eta Independent aldizkarietan bere argazkiak publikatutakoa da Arthur, eta gaztea izanagatik argazkigintzan esperientzia eta intuizio handiko emakumea da. Aurreko astean Tanzanian izan eta gero, beraz, urriko lehen astean Zornotzan izango da, ikastaroa eskaintzen.

Madrilen egiten den Photo España lehiaketako irabazle izan da Arthur aurtengo edizioan, ekialdeko hainbat herrialdetan ateratako argazki batzuengatik, eta, World Press Photo saria ere jaso izan du, besteak beste.

Emakumearekin erlazionaturiko gaiak jorratzen ditu Arthu-rrek sarri, eta ekialdeko herrialdeetan egin izan du bere lanaren parte handi bat. Más alla del velo argazki-bilduma ekialde eta mendebaldearen arteko mugan dauden herrialdeetan osatu du.

Bere argazkietan, ekialdeko kulturari buruz mendebaldean hainbeste aurreiritzirekin osatzen dugun irudia aldatzeko arrazoiak ematen ditu argazkilariak, emakumeen egoerari eta herrialdeari berari buruz ditugun aurreiritziak hautsiz. Elkartasuna, etika eta justizia lako gaiei zein bizitzari berari buruzko gogoetak egiten ditu argazkietan; Teherán, Ispahan eta Kaspio itsasokoeguneroko errealitatearen irudiak erakutsiz.

"Mendebaldeko gazteak irudi hauetako zenbaitekin identifikatuak izan daitezen lortu nahi nuke, eta emakume hauen bizitzetan beloa eramatea baino zerbait gehiago ere badagoela”, azaltzen du. Mendebaldeko ikuspuntutik begiratuta, gauzak edo on edo txar lez identifikatzera ohituta gaude Arthurren ustez. Leku guztietan indar eta duintasun ikaragarriko emakumeak topatu dituela dio argazkilariak. Zornotzako Zelaieta zentroan bere lanari eta argazki horiek egiteko arrazoiei buruz jardungo du Olivia Arthurrek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!