
Defentsak helegitea jarriko du Auzitegi Gorenean.
Durangaldeko bost lagun auziperatu zituzten auzi horretan: Asier Birunbrales eta Iñaki Reta Askatasuneko kide izateagatik, Julen Arzuaga Behatokiko kide izateagatik, eta, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izateagatik Gari Arriaga eta Maitane Mendez. Azken hori absolbitu egin dute —bere kontrako karguak erretiratu egin zituen fiskaltzak ekainean— eta baita Julen Arzuaga ere bai abokatu lanak bakarrik egin dituelako; 10 urteko zigorra eskatu zuen fiskaltzak azken horrentzako.
Berehalako espetxeratzea
Hamar urteko zigorra eskatu zuten Gari Arriaga, Asier Birunbrales eta Iñaki Retarentzat ere — Reta ez zen epaiaren irakurketara agertu eta atxilotzeko agindua dago— eta , azkenean, zortzina urteko kartzela zigorra ezarri diete Espainiako Auzitegi Nazionaleko Madrilgo Casa de Campon; berehala espetxeratzeko agindua ere eman zuten (zigortutako 21 lagunetatik 12 espetxeratu dituzte).
Fiskalak 13 urteko zigorra eskatzen zuen arren, epaimahaiak 10 urtekoa jarri die Juan Mari Olano, Julen Zelarain eta Aitor Jugori. Gainerakoei zortzi urteko zigorra jarri die. “Talde terroristako kide” izatea egozten die denei. Zigortutako 21 lagunetatik zortziri etxera itzultzen utzi die epaimahaiak, astean bitan sinatzera joateko baldintzapean.
Zigor horiek eskatzeaz gainera, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpokotzat jo ditu epaimahaiak eta desegiteko agindu du, legez kanporatzea behin betikoa bihurtuz.