Langabeziak gora egin du

Anboto 2008ko ira. 3a, 15:56
Langabetuen kopuruak gora egin du abuztuan Hego Euskal Herrian. Bizkaian %4,02koa izan da igoera, uztailean behera egin zuen arren. Araban (%4,98) igo da gehien; gutxiago Gipuzkoan (%3,16) eta Nafarroan (%2,16).
Langabetuen kopuruak gora egin du abuztuan Hego Euskal Herrian. Bizkaian %4,02koa izan da igoera, uztailean behera egin zuen arren. Araban (%4,98) igo da gehien; gutxiago Gipuzkoan (%3,16) eta Nafarroan (%2,16).

Abuztuan 106.368 lagun zeuden Espainiako Enplegu Institutuaren bulegoetan izena emanda Hego Euskal Herrian; uztailean baino 3.581 gehiago (%3,48).

Urte arteko hazkundea ere nabarmena izan da. Bizkaian %8,10ekoa izan da; Hego Euskal Herrian, berriz, %10,81koa. Espainiako Lan eta Inmigrazio Ministerioaren datuen arabera, iazko abuztutik aurtengora %20 igo da gizonen langabezia, eta emakumeena %4,8. Hala ere, Hego Euskal Herrian dauden 106.368 langabetuetatik %58 dira emaumeak eta %42 gizonak. 25 urtetik beherako gazteen artean, %17 igo da langabezia iazko abuztutik.

ELAk enpresaburuei leporatu die egoera ekonomikoa baliatzea kostuak murrizteko, langile batzuk kaleratuz eta kontratuak ez berriztatuz; behin-behinekotasun tasa Europako Batasunekoaren bikoitza dela nabarmendu du. LABek, berriz, udan eta abuztuan langabeziak gora egitea ohikoa dela eta hori “enpresaburuen praktika maltzurrekin lotuta” dagoela gogoratu du: “Kontratu batzuk eteten dituzte oporraldian, soldatak eta kotizazioak aurrezteko”. Langabeziaren igoera, baina, ekonomiaren ahultasun egoera baten gertatzeari “arduratzekoa” deritze eta enpleguaren garapenean “negatiboki” eragiten duela.

CCOOk enpresaburuen “arduragabekeria” nabarmendu du eta Jaurlaritzari elkarrizketa soziala bultzatzea eskatu. Horixe eskatu du UGT-Euskadik ere, enplegua sustatzeko neurriak ez eze.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!