Udako merkealdiaren lehenengo egunak

Anboto 2008ko uzt. 3a, 13:54
Hasi da udako merkealdia. Durangaldeko zein Euskal Herriko merkataritza-gune eta saltokietan ohi baino jende gehiago ibili da asteon, preziorik merkeenaren bila. Irailaren 30era bitartean iraungo du gehienez merkealdiak, eta kontsumitzaile elkarteek arretaz eta neurriz erosteko deia egin dute.

Besteak beste, gogoratu dute argi eduki behar dela zer erosi eta ziurtatu egin behar dela merkealdia hasi aurretiko prezioa eta gerokoa zehazten dela. Erosketa txartela gordetzea ere gomendatzen dute kontsumitzaile elkarteek.

Eguraldiaren eraginez ohi baino gutxiago saldu ei dute dendariek, eta merkealdian gordetako guztia atera gura ei dute.

Telefono bidezko iruzurra

Bestalde, Dendak, Durango eta Iurretako merkatari elkarteak azaldu duenez, telefonoz iruzurra egin guran jardun dute merkatarien artean. Sanidad y Consumo aldizkariaren izenean bost urterako 300 euroren truke publizitatea eskaini ei die telefonoz: “Guretzat ezezaguna den argitalpen hori hainbat lokal publikotan banatzen dela diote, eta instituzioen laguntza daukala”.

Halako deien aurrean “arretaz” jokatzera deitu dute, eta “edozein publizitate zerbitzu kontratatu aurretik, baldintzak arretaz aztertzea, telefonoz banketxeko daturik edo baimenik eman gabe”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!