Ospakizun kristaura igarotako errito paganoari eutsiko diogu oraingoan ere, eta ilunkera hurreratu ahala San Joan suak ikusiko ditugu, aro berriari ondoetorria emanez. Biharamuna soloan edo belar bustian ortozik ibiltzeko eguna izaten da gorputza eta arima purifikatzeko.

Bi herriotan, Elorrion lez, usadioari eutsiz lore-sortak ere jarriko dituzte etxeko atarietan.
Elorrioko San Joan Berrion meza izango da 12:00etan, eta txistulariekin batera, San Joanera igotzeko hitzordua 16:30ean egin dute plazan; sua isiotzeko,berriz, 22.00etan, kiroldegiko aparkalekuan. Trikitidantzek berotuko du giroa. Durangoko Aramotz auzoan, 18:00etan egin du sua jartzeko deia Herria auzo elkarteak. Txokolatea eskainiko dute 21:30ean, eta suzko-zezenak irtengo du 22:15ean, sua isiotu aurretik. Su artifizialek, musikak eta jai giroak ez dute huts egingo.
Iurreta eta Berriz
Iurretako Gaztetxeak eta kultur elkarteek Aita San Migel plazan egin dute suaren inguruan batzeko gonbita. Herri-afaria eratu dute aurretik, umeentzako jolasak ez eze, eta Euskal Mitologia ardatz hartuta antzerkia ere eskainiko dute. Goizaldera arteko giroa, berriz, Luhartzek berotuko du.
Berrizen, sua isiotu aurretik eskainiko dute trikiti eta bertsoz jantzitako Hasierarik gabeko amaiera ikuskizuna Berrizburun, 22:00etan. San Joan gaua, berriz, su artifizialek eta txalapartak osotuko dute. Txistulari eta dantzariek lagunduta isiotuko da sua 20:30ean Mañarian; aurretik, 17:30ean, umeentzako jokoak izango dira.
Dantza ikuskizuna Gerediagan
Abadiño edo Atxondon ere ospatuko dute San Joan gaua. Abadiñoko Gerediaga auzoko Hamabi Harri auzo elkarteak dantza ikuskizuna antolatu du Udalak lagunduta. Gerediagako plazan izango da 22:30ean. Kriskitin dantza taldekoek, Akelarre ikuskizuna eskainiko dute: "Orain bost mende gurean bizi zen jendearen bizimoduari buruzko istorio bat kontatuko digute, dantza eta jantzien bitartez". Dantzarien mugimenduei laguntzeko , sua ere ez da faltako Salbadore inguruko bazterretan.
Atxondoko Axpe auzoan ilunkera isiotuko dute sua eta txokolatea ere eskainiko dute.