Durangoko Udalari eskaria
Kaltetuak “herritar guztiak” direla iritzi arren, desjabetzeek zuzenean kaltetutakoak Durangon 20 bat direla argitu dute, eta sinatze-ekitaldi hori euren eskubideak ikustarazteko azken aukera administratiboa dela: “Sinatu eta gero ez dute euren eskubideak defendatzeko beste modurik izango”.
Udalari ordezkaririk ez bidaltzea ere eskatu die, “eta aktak herrian sinatzea eskatzea, euren herritarren eskubideak bermatuz”. Fede emanez alkatea edo horrek hautatutako ordezkariak egon behar luke. “Badakigu batzuetan sinatu dela, baina forma aldetik errekurritzea legoke”. Gogoratu dute Udala ere desjabetua dela: “Baina herritarrek joan dadin gura duten ez dakigu. Kontsulta ere eskatu zen, egin ez zena”.
“Alarma gorria”
Beste alde batetik, Adif-ek azpikontratatutako enpresa Durangoko desjabetuekin hartu-emanetan ekainean hasi dela salatu dute, “Aktak sinatu baino aste bi lehenago”, eta lurjabeek ez ei dute behar den moduko alegaziorik aurkezteko aukerarik izan: “Berandu eta txarto dabiltza, datuak eguneratu gabe. Orain 4-5 urte hil zen pertsona bat dago desjabetuen artean”.
Nabarmendu dutenez, “alarma gorria” piztu da: “Izan ere, desjabetze-aktak sinatzen badituzte lurrak euren esku geratuko dira eta lanak hasteko edozein unetan sartuko dituzte makinak”. Gaineratu dutenez, urgentziazko prozedura aprobetxatu dute “desjabetzeak ahalik eta arinen egin eta jabeei euren eskubideak defendatzeko aukera gutxiago emanez”.
AHTaren inguruan alderdi politiko bakoitzaren jarrera argia dela diote, baina prozedura osoan “urratuak” izan diren herritarren eskubideei buruz dihardutela, eta oinarrizko proiektuari egindako alegazioak oraindino ez dituztela erantzun gogoratu; abuztuan egin ziren. Egitasmoa guztiz finkatu gabe hasi direla desjabetzeak salatu dute: “Aldaketak egin ondoren, Izurtza eta Iurretan ez joateko deitzen dihardute”.