Garraiolarien greba "behin behinekoan" bertan behera utzi dute

Anboto 2008ko eka. 17a, 16:20
Garraiolarien greba bertan behera utzi dute “behin-behinekoan”, asteon. “Sektorearen ekonomia hondatuari kalte gehiago ez egiteko” hartu dute erabakia, Fenadismarreko presidenteak hedabideen aurrean azaldu duenez. Espainiako Gobernuarekin “konponbideak bilatzeko borondatea” edukitzen jarraitzen dutela adierazi dute. Fenadismerrek, Confedetransek eta Antidek deitu zuten zortzi egun iraun dituen greba.

Durangaldean ere izan du eraginik grebak. Izan ere, Hego Euskal Herrian bat egin zuten grebarekin Sintrabik (Bizkaia), Arabako Garraiolari eta Logistikako Operadoreen Elkarteak (Egaz), Salgaiak Errepidez Garraiatzeko Gipuzkoako Enpresa Elkarteak (Guitrans) eta Nafarroako Garraiolari Autonomoen Elkarteak (Tradisna).

Egoera normaldu dela esan daiteke, denek utzi dute-eta greba. Sintrabi izan da azkena, astelehenean. Hala ere, garraio sektorearen krisia ez dela amaitu dio Fenadismarrek, ezta lanuzteak ere. “Behi-behinekoan” utzi dute greba, baina petrolioaren prezioak goraka jarraitzen du. Europan erreferentziatzat erabiltzen den Brent upela 139,32 dolarrera heldu da.

Hainbat neurri

Garraiolariek lanuzteak deitzeko arrazoi nagusia gasolioaren presioaren gorakada eta horrek lan kostuetan eragindako igoera izan dira. Joan zen astean, Espainiako Gobernuak eta Espainiako Errepide Bidezko Batzordeak (CNTC) akordioa lortu zuten; CNTCk ez zuen lanuzterik deitu. Zazpi ministerioen kolaborazioaz gainera, 54 neurri onartu zituzten; tartean, gizarte segurantzako kotizazioa %4 murriztea, BEZaren itzulera aurreratzea eta Europako Batasunaren aurrean gasolio profesionala defendatzea. Akordio horretan garraio enpresa txiki eta ertainen gehiengoen interesak ez zirela kontuan hartu diote greba deitu zuten hiru patronalek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!