

Hainbat gasolindegi ere erregai gabe geratu ziren grebaren lehenengo egetan. Hornikuntza faltaren eraginez zenbait enpresak ere euren jarduera eten behar izan du.
Horietariko bat da Estampaciones Bizkaia. Lan hitzarmena dela-eta lanuzteak hasita zeuden asteon, hala ere, grebaren eraginez bertan behera utzi behar izan dituzte. Gasteizko Mercedes hornitzen du horrek, eta garraiolarien grebaren eraginez martitzenean eten zuen bere jarduera Mercedesek, horren hornitzaile diren enpresetan eraginez.
Laide enpresan be eten behar izan dute jarduera, LAB sindikatuak azaldu duenez. “Enpresa gehienek stockarekin dihardute eta hori amaitu ahala igartzen da eragina. Grebak hasiera lasaia izan zuen, gizartean nolabaiteko psikosia sortu arren. Enpresetan orain hasi da sumatzen eragina, desgastea sortu delako”. Siderometalurgia da nagusi eskualdean eta pentsa daiteke horretan izan duela eraginik gehien grebak, stockak agortu ahala. Baina garraioak denak ukitzen ditu batera edo bestera.
LABek gogoratu duenez, patronalaren greba izanik enpresek aurreikusita eduki beharko lukete: “Ezin zaie langileei egotzi enpresaren antolakuntza falta”.
Akordiorik ez
Kamioilariak Madrilera begira daude patronaletako ordezkariek eta Espainiako Gobernuak zer adostuko. Oraindino ez dira akordiora heldu.

Espainiako Gobernuak 30 bat neurri proposatu ditu. Besteak beste, gizarte segurantzako kotizazioak %4 murriztea, BEZ zergaren itzulera aurreratzea, Ekonomia Jardueraren gaineko zergaren %50 itzultzea eta Europako Batasunaren aurrean gasolio profesionala defendatzea. Neurri onak direla aitortu arren, batzarretan jarraitzen dute.
Fenadismerrek (sektorearen %20) gutxieneko tarifari eutsi deutso. Sustapen Ministerioko buru Magdalena Alvarezen berbetan, hori “Europako Batasuneko merkatu funtzionamenduarekin ez dator bat” eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalak legez kanpokotzat jo du.