Joan zen maiatzaren 23an argitaratu zen Durangaldeko lurraldeko zati-plana eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu barri da. Ildo horretan, hainbat kanpaina bideratuko dituzte, “lurralde zati-planerako proposamenak helarazteko eta kritikagarriak begitandutakoak atzera botatzeko”. Herritarrei “informazioa zabaltzea” dute helburu, eta informazio-panelen bitartez zati-plana zelako eragina eta alegazioetarako aukerak erakutsi gura dituzte.
Durangaldeko lurraldeko zati-planak eskualdearen garapen ekonomiko-sozial eta kulturala batzen duela gogorarazi dute, 8-16 urte bitarteko urte epea batzen duena, eta “onartezina” deritze herritarren parte hartzea ez bideratzea. “Lurraldearen antolaketan paper oso garrantzitsua betetzen du eta eragingo duen lurralde horren ezaugarriak hartu beharko lituzke kontuan, bertoko biztanleria ez eze”. Gaineratu dutenez, “oreka topatzea ez da erraza, baina, eztabaida sakona behar da. Ez dago lurrik soberan. Gero eta gutxiago dago, eta hainbat herritan egindako garapen proiektuk eraso handia egin dute”.
Durangaldeko Ezker Abertzalearen ustean “herritar guztiei zabaldutako eztabaida” behar da, “informazioa ezkutatu gabe eta herritar, elkarte eta kolektibo guztiekin batera”. Nabarmendu dutenez, “politika integral bat adostu ahal izateko prozesu integrala behar da”.

“Kaltetu izango direnei erantzuteko ezelango planteamendurik” batzen ez dela kritikatu dute ezker abertzaleko ordezkariek eta mahai sektorialak sortu behar direla nabarmendu: “herritarrak burutu ondorengo bidetik izango dute barri”. Adierazi dutenez, lurraldeko zati-plana “aztertuko” dute, izango duen eragina, eta aurkeztu daitezken alternatibak. Horretarako ahalik eta jende gehien batzea gura dute.
Zehaztapen falta
Lurraldeko zati-planak, besteren artean, Abiadura Handiko Trena (AHT), Beasain-Durango saihesbidea eta Iurreta eta Zornotza artean hainbat industri pabiloi batzen dituela gogoratu dute. Hala ere, hainbat zehaztapen falta direla uste dute: “Harrobien egoera eta AHTaren lanekin lotutako zabortegien kokapena ez da zehazten. Industri kokagune batzuei ez deritzegu egoki eta ekipamenduak Durangon batzen dira. Zerbitzuak Durangon batzen dira eta inguruko herriek jasango dute industriguneen eragina”.
Zati-planak 7.330-11.728 etxebizitza aurreikusten ditu hurrengo 16 urtean eregiteko. “Gehiegizkoa” deritze horri: “Hala ere, badakigu tarte hori zabaltzeko alegazioak aurkezteko direla”. Bestalde, mugikortasunarekin lotutako arazori aurre egiteko, diotenez, “auto kopurua jaistea baino errepideak gehitzea da planteamendua. Garraio pribatua bultzatzeko. Horri kontraesana deritzogu”. Durangaldeko Ezker Abertzaleak dio “garraio eredu agortua” dela hori eta lurraldeko zati-planak hori bultzatzen duela.