Geu Be! elkarteak bost urte bete ditu

Anboto 2008ko mai. 12a, 15:52
No me mires raro. Desberdintasunak berdintzen gaitu. Minusbaliotasun bat daukan edozein pertsona edozein leku edo girotan egon daitekeela zabaldu guran aukeratu du lelo hori Durangaldeko behar bereziak dituzten familien Geu Be! elkarteak bere 5. urteurren jaialdirako.
No me mires raro. Desberdintasunak berdintzen gaitu. Ezintasun edo urritasun bat daukan edozein pertsona edozein leku edo girotan egon daitekeela zabaldu guran aukeratu du lelo hori Durangaldeko behar bereziak dituzten familien Geu Be! elkarteak bere 5. urteurren jaialdirako.

Dagoeneko bost urte dira eskualdeko urritasun psikikoa duten pertsonen gabeziak betetzen ahalegindu guran Geu Be! elkartea sortu zela. Lau famili desberdinen eskaeraren ondorioz sortu zen, azaldu duten moduan, eta, gaur egun, 40 famili eta 14 begiralek dihardute. Horrezaz gainera, baina, bolondresen lana goratu dute: “Guztira 250 bazkide gara, baina, jende piloa da laguntzeko prest dagoena. Oso gertu ditugu hainbat eta hainbat lagun”, nabarmendu dute.

Geu_be.jpgHainbat urritasuneko lagunak batzen ditu elkarteak: Down sindromea, autismoa, garun paralisia, adimen atzerapena… eta elkarteak gazteek azaldutakoaren arabera antolatutako jarduerek osatzen duten programa eskaintzen du. “Urritasun intelektualaren gainetik, garen lez onartzen gaituen bizitza izan gura dugu taldea osatzen dugun guztiok. Askotan, urritasuna ez dago pertsonarengan, begiratzen duen horrengan baino; beraz, denek beste edozein pertsonari lez begiratzea eta beste edozein lez ikustea ahalegintzen gara”.

Elkarteak bost urte bete dituela ospatzeko jaialdi berezi eratu du astebururako. Aitatzeko da ere Army Arma taldeak No me mires raro abestia sortu duela propio. Era berean, Idi Bihotz taldeak elkarteko kide birekin batera Argia amatatu arte abestia propio prestatu dute. Talde biok eta Segismundo Toxicomano taldeak kontzertua eskainiko dute, zapatuan, maiatzaren 17an, Plateruena kafe antzokian, antolatutako Geu Be! jaialdian; 21:30ean hasiko da.

Hainbat ekitaldi


Aurretik, baina, beste hainbat ekitaldi izango dira. Barikuan, maiatzaren 16an, Geu Be elkarteko bost urteotako ibilbidearen inguruko hainbat ikuspuntu batuko dituen berbaldia izango da, 19:00etan, Elkartegian. Familiek, begiraleek eta elkarteko kideek parte hartuko dute eta Gautena elkarteko psikologo Lidia Mendizabalek ere parte hartuko du. Durangoko udaletxearen aurrean hasiko den lasterketak abiatuko du biharamuna. Dortsalak 09:30ean jaso ahal izango dira eta 10:00etan hasiko da “talde heterogeneoa” batu gura duen lasterketa: “Landako erakustazokara arteko ibilbidea egingo dugu eta norberak gura bezala parte hartzea izango da: korrikan, gurpildun aulkian, bizikletan…”.

Pregoia irakurriko da, 11:00etan, eta jarraian, txikienentzako jolasak hasiko dira Landako Erakustazokan. Puzgarriak eta Sorgintxulo eta Iñurri taldeek antolatutako tailerrak izango dira.
Bitartean, Landako eskolan, Down Sindrome elkarteko talde bik eta Geu Be! taldeko batek futbito txapelketa jokatuko dute.

Plateruenean, 135 lagun batuko dituen lagun arteko bazkaria izango dute 14:30ean, eta, 18:00etan, Javier Fernandez bakarrizketalariak aurkeztutako dantza erakustaldia hasiko da: Txoritxu Alai eta De Norte a Sur dantza taldeek parte hartuko dute, eta sabel dantza ere eskainiko dute. Durangon zehar, trikitilariek girotutako poteoa izango dute gero. Aitatu dugun musika jaialdiarekin amaituko dute eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!