
Iaz lanean zihardutela hildako langileen kopurua gogoratu du, berriz, ELAk. Jakin eragin dutenez, 106 lagun hil ziren 2007an lan-istripuen ondorioz (LABek 125 zenbatu ditu), eta baja ekarri duten lan-istripuak 62.039 izan dira, nabarmendu duten moduan.
Lan istripuan hildakoak, istripu arinak, lanbide-gaixotasunak… gogoratuko dituzte sindikatuek, horiei aurre egiteko neurriak eskatuz. CCOOk gaur, deitu du asanblada eta manifestazioa Gasteizen; bihar egingo du Donostian eta 28an Bilbon. Astelehenerako jarri du hitzordua Bilbon UGTk.
ELAk, bestalde, enpresariak eta mutuak “elkar babesten” dutela salatu du eta lanbide-gaixotasunen “egoera larria” gogorarazi. Gaixotasunon erregistro bakar eta fidagarririk ez dagoela salatu dute. Ildo beretik, ESK eta STEE-EILASek “ezkutuan dauden eta lan baldintzak narriatzen” dituzten laneko gaixotasunak “argitara atzeratzea” proposatu dute.
LABek Lan batzuek hil, beste batzuek kondenatu lelopean, lan eta sektore batzuek langilea “bizia galtzeko arriskuan” jartzen dutela eta beste batzuek “baldintza txarretan bizitzera behartu” erakutsi gura du. Egun horretarako “langilegoaren erantzunean jausi kualitatiboa emateko balio behar duen” ordubeteko lanuzteak deitu ditu; 25ean, Araban, eta gainerako herrialdeetan 28an.
Oro har, 12:00etatik 13:00etara egingo dira. “Hildako langileen edo larri zauritutakoen familiekiko elkartasuna” eskatu dute: “Administrazio publikoek, instituzioek, langileon familiekiko bazterketa eta utzikeria erakusten dute”. Finean, “enpresaria babesten dute eta hildako langilea eta familia baztertu”.
Zauritu larria, Elorrion
Makina batekin lanean ziharduela istripua izan du behargin batek, asteon, Elorrion. Ezbeharra martitzenean gertatu zen, 14:30ean, eta 49 urteko A. R. L. langilea larri zauritu zen. Eskumako besoa ia mozterainoko ebakia egin dio makinak langileari. Galdakaoko erietxera eroan zuten DYAko arduradunek, aitatu dugun lez, larri.