Mobilizazioak AAMaren kontrako epaiketagatik

Anboto 2008ko api. 24a, 15:10
Amnistiaren Aldeko Mugimenduan (AAM) lan egiteagatik auzipetutako 27 kideen deklarazioekin hasi zen, astelehenean, epaiketa. Durangaldeko lau lagun ere badira tartean: Maitane Mendez eta Gari Arriaga Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izateagatik, eta Asier Birunbrales eta Iñaki Reta Askatasuneko kide izateagatik. Defentsa juridikoari uko egin die denek, epaia idatzita dagoela uste dutelako.

Manifestu baten bitartez eta Madrilgo Casa de Campon euren kontra hasitako epaiketan egindako deklarazioetan azaldu dutenez, tribunalak “inpartzialtasunik ez” edukitzeaz gainera, eurak epaitzeko “zilegitasunik ere ez” daukala uste dute. Banaka-banaka errepresioaren salaketa egin ondoren, defentsarako eskubideari uko egin die: “Sinesgarritasunik ematen ez diogun epaiketa fartsa honetan ez dugu parte hartuko”.

Ahozko ikustaldia astelehenean hasiko da berriro, auzipetuen deklarazio hartzea arindu egin zen-eta, fiskalaren eta AVT herri akusazioaren galderei ez erantzutean. ETAko kide izatea leporatu eta bakoitzarentzat 10 urteko zigorra eskatzen du Carlos Bautista fiskalak.

Protesta eguna

Epaiketa salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko mobilizazio eguna deitua dute barikua, apirilaren 25ean, Durangaldean eta, oro har, Euskal Herrian. Etxeratek ere bat egin eta parte hartzera deitu du. Euskal Herriak askatasuna behar du lelopean deituko dira manifestazio eta elkarretaratzeak herrietan, joan zen astean, amnistiaren aldeko mugimenduko hainbat kidek prentsa agerraldian adierazi zuten moduan.

Durangon, 12:00etan, manifestazioak irtengo du udaletxeko aurreko plazatik; 20:30ean, berriz, Ezkurditik. Era berean, hileko azken barikuro lez Etxerat-ek elkarretaratzea deitu du 20:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!