
Gure eskubideen alde martxan lelopean manifestazioa deitu du Durangon Plataforma Feministak, zapatuan, 19:00etan, Andra Mariko elizpean. Durangalde osora zabaldu dute parte hartzeko deia eta Abadiñoko Anboto Azpiko Damak elkarteak eta Udalak bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Elorrio eta Berrizen, berriz, elkarretaratzeak deitu dituzte. Elorrion 13:00ean jarri dute hitzordua, Gernikako Arbola plazan, Udaleko Berdintasun Sailak eta Lilika, Elorrio Lore eta Alargunen elkarteak; Berrizen, 19:30ean egingo da elkarretaratzea Udalak deituta, Urtiaga plazan. Ondoren, Berrizko 6 emakume gerra zibilean ikus-entzunezkoa eskainiko dute 1936 Berriz Gogoratzen Elkartearen eskutik, Kultur Etxean.
Zaldibarren, bestalde, afaria eta dantzaldia eratu dituzte, 21:30ean, Goierriko auzo etxean; baita Izurtzan ere, Argintxu elkartean, 21:00etan. 19:00etan film emanaldia ere antolatu dute.
Durangon ere antolatu dute afaria bihar; eta, aurretik, 20:00etan, Wad Ras ikuskizuna (Increpacion Danza) ikusteko aukera ere izango da. Elorrion, gaur, Maika Makovskyk emango du kontzertua, 22:30ean, Ateneoan. Martxoaren 8aren haritik osotutako agendek beste hainbat ekintza be batzen dituzte, asteak aurrera egin ahala (10. eta 11. orriak).