Mallabiako udalbatzak 2008ko tasak igotzea erabaki du

Anboto 2008ko urt. 8a, 13:13

Mallabiko Udalbatzak 2008ko tasak igotzea aho batez erabaki zuen, urriko osoko bilkuran. Bertan, orain arteko zerbitzuak Udalari garestiago kobratuko dienez, igoera hori “behar-beharrezkoa” izan dela azaldu du Aitor Loiola alkateak. Zabor bilketa eta estolderia garestituko dira gehien.

Mallabiko Udalbatzak 2008ko tasak igotzea berretsi du azken udalbatzarrean. Bertan, orain arteko zerbitzuak Udalari garestiago kobratuko dienez, igoera hori “behar-beharrezkoa” izan dela azaldu du Aitor Loiola alkateak. Zabor bilketa eta estolderia garestituko dira gehien.

Hasteko, 2008ko ibilgailuen gaineko zerga %2,7 garestiagoa izango da, 2007ko lehenengo zazpi hileetako KPIaren proportzioan, hain zuzen ere. Bigarrenik, igoerarik handiena zabor biltzeak edukiko du, %35ekoa izango da-eta. Izan ere, Deba Barreneko Mankomunitateak Udalari zerbitzu horregatik iaz baino %36,7 gehiago kobratuko dio. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatutako gutxieneko prezioak direla-eta, mallabitarrek 2008tik aurrera ura %4,5 garestiago ordainduko dute, eta estolderia %16.

Zergaren erdia bueltan

Bestetik, ingurumena zaintzeko ahaleginak sarituko dituen hobaria ere onartu zuen udalbatzak urrian ospatutako plenoan. Horren arabera, etxebizitza edo baserri barruko eraberritze obra txikiek eragindako hondakinak baimendutako isurtegiren batera eroan direla egiaztatuz gero, baimena eskatzean herritarrak ordaindutako zergaren erdia bueltatu egingo dio Udalak eskatzaileari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!