Prezio merkeen bila dabil hainbat jende; hiri handietan, eta baita herri txikietan ere. Durangaldean ere hainbatek dihardu denda batetik bestera, poltsak eskuetan, prezio merkeenen bila.

Aurretik Erregenak eta orain merkealdien hasiera aintzat hartuta, bestalde, Durangoko Udalak eta Dendak eta Durangon Bai elkarteek Landako erakustazokako aparkalekuan ordu bi doan aparkatzeko bideratutako aukera urtarrilaren 31ra arte luzatu dute. Berrizen, berriz, merkealdi kanpainaren barruan, erosketak euskaraz egitea sustatzeko, herritarrei oharrak hartzeko liburuxka oparituko die dendetan, Udalaren ekimenez; eragiketa arruntenak eta jaki, jantzi eta bestelakoen euskarazko deiturak kontsultatu daitezke liburuxkotan, ohartxoak hartzeaz gainera.
Erosketak “arduraz” egiteko gomendioa
Erosketak “arduraz” egitera deitu dituzte kontsumitzaileak, bai kontsumitzaile elkarteek bai Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak. Merkealdi sasoian erosketak “arduraz” egitea gomendatu die bezeroei; era berean, erosi beharrekoak ondo planifikatzea ere bai. Erosi gura diren produktuekin zerrenda egitea gomendatu digute herritarrei, eta baita gastatuko dugun diru kopuruari muga zehaztea ere.Bestalde, Kontsumo Zuzendaritzak gogoratu duenez, merkatuta dauden produktuek aurrez zuten kalitate bera izan behar duet merkealdi sasoian ere bai. Horrezaz gainera, dendek ezin dituztela merkatutako salgai lez eskaini aurrez gutxienez hilabetez salgai egon ez den gairik ere azaldu duet. Aurreko prezioa zein den zehaztuta egon behar da merkealdian, eta hori zein zen begiratzea gomendatu dute, erosketa txartela eskatzea ez eze.