Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, makina bat ekitaldi

Anboto 2007ko aza. 29a, 12:51

Euskararen Nazioarteko Eguna izango dugu abenduaren 3an. Hori gogoan harturik, hainbat ekitaldi eratu dute, eskualdeko zenbait herritan.

Euskararen Nazioarteko Eguna izango dugu abenduaren 3an. Hori gogoan harturik, hainbat ekitaldi eratu dute, eskualdeko zenbait herritan.

Berrizen, esaterako, barikuan, Eriz Magoarekin solasaldia izango dute eskolaumeek. Abenduaren 4an, berriz, Txan Magoarekin. Horrezaz gainera, baina, jolasak eta berbaldiak ere izango dituzte herri ikastetxean zein Institutuan, abenduaren 3an bertan. Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginda, Iurretan ere Gazteñerre jaialdia egingo dute arratsaldean, Maiztegi eskolan. Otxandioko herri-eskolan ere jarduerak eratu dituzte, eguna aintzat harturik.

Dena dela, asteburura eta herrira begira be eratu dira ekitaldiak. Berrizen, probalekuan, zapatuan, puzgarri, jostailu eta jolas-tailerrak izango dituzte, 17:00etatik 19:30era. Domekan, berriz, herriko trikitilariekin jarri dute hitzordua, 13:30ean, Fondan, eta gero, 14:30ean, herri-bazkaria ere izango da, Pedro Juan Jatetxean (sarrerak bertan). Bertsoak entzun eta kantatzeko aukera izango dute hurreratuko direnek, bazkalostean. Eta iluntzean, Pantxoa eta Peio izango frontoian.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera aukeratu dute Otxandion ere, Iñink! lelopean landutako Euskararen Plana herriari aurkezteko. Plazan izango da, 13:30ean, eta, gero, irudia emango dion logotipoa ere erakutsiko dute. Lehiaketan parte hartutakoen artean sariak banatu eta gero, trikiti doinuek girotutako luntxa ere izango da. Bestalde, gaurko, bertso-afaria eratu da. Ibon Ajuriak, Miren Amurizak eta Lepotxok jardungo dute, 22:00etan, Mainondon.

Liburu eta Disko Azokarekin bat


Bestalde, Durangon, Landakon ere, euskararen alde ekimenaren barruan, aurten hirugarrenez, hainbat ekintza eratu ditu bertoko Guraso Elkarteak, herrira zabalduta, eta Liburu eta Disko Azokarekin bat eginda. Horrela, eguenean, abenduaren 6an, Upo, Topolo eta Bartoliña pailazoak izango dira, 18:00etan. Hilaren 7an, berriz, 9-14 urte bitartekoentzat, Ametsen museoa obra (Ekimen kulturalak EIDABE) izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!