
Munduko emakumeen testigantza
Barikuan ere izango da Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin lotutako ekitaldirik. Cristina del Valle artista ezagunak Tiempos Rotos ikuskizuna aurkeztuko du azaroaren 23an, Durangoko San Agustin kulturgunean, 20:30ean.
Genero indarkeriaren kontrako emakume artisten plataformako presidente denak eurek mundu osoan zehar batutako hainbat testigantzak —Ciudad Juarez, Sahara, Palestina, Argelia, Bagdaden…— jarriko ditu taula gainean. Kontzertuaren bitartez batutako dirua, berriz, EAEko emakume elkarteetara bideratuko da. Sarrera bost euroan eskuratu daiteke.
Genero biolentziari buruzko lege integralaz jardungo dute Berrizen, 17:00etan, anbulatorio zaharrean, azaroaren 23an. Abadiñoko Errota kultur etxean, berriz, 22:00etan, Pico teatrok QTMeto obra eskainiko du barikuan ere bai; zine-foruma ere izango da, azaroaren 30ean: Duncan Tucker-en Transamerica pelikula eskainiko dute. Ondoren, solasaldia izango da Aldarte Gay, lesbiana eta transexualen harraterako zentroko kide batekin.
Durangok aukera berdintasunerako plangintzaren diseinua hasi du
2008-2011 urteetarako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Plana diseinatzen hasi da Durango. Osatutako lehenengo plangintza lantzeko, Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izango du Udalak eta parte-hartze prozesua abiatu du. Diagnostikoa egingo dute, abendura arte luzatuko den lehenengo fasean. Plana zehaztuko duen bigarren fasea 2008ko urtarrila eta ekaina bitartean garatuko da.Aitatu dugun moduan, Durangon, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren inguruko diagnostikoa egitea lortu gura da, abiatutako lehenengo fasean. Horrezaz gainera, herritarrek aukera berdintasunen gainean hausnarketa egitea eta egoeraz jabetzea. Diagnostikoa egiteko, sektorekako lan-taldeak osatuko dituzte, eta ordu biko bilera bana egingo dute lan-talde bakoitzarekin. Azaroan bata eta abenduan bestea, jakitera eman dutenez.