Jarduera ugari emakumeekiko biolentzia dela-eta

Anboto 2007ko aza. 15a, 15:47

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna izango da azaroaren 25a. Horren aurrekari, hainbat jarduera antolatu dituzte eskualdeko herrietan Udalak eta emakume elkarteek elkarlanean.

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna izango da azaroaren 25a. Horren aurrekari, hainbat jarduera antolatu dituzte eskualdeko herrietan Udalak eta emakume elkarteek elkarlanean.

Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Emakundek bultzatuta eta Berdinsarearen (Berdintasunaren alde eta emakumeekiko biolentziaren aurkako udal sarea) bitartez, 13 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei begirako Txo! Kontrolatzen? Zure agintea birtuala da, ni benetakoa kanpaina ere ipini dute martxan hainbat herritan. Udalei komiki bat helarazi die eskoletara bideratu eta gaia jorratu dezaten.

Durangon, komiki tailerra landuko dute San Jose Maristak eta Fray Juan de Zumarraga Institutuan —Batxilergoko hiru gelak eta Derrigorreko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 11 gelak parte hartuko dute—, udal arduradunek jakitera eman dutenez; Elorrion ere, DBHko 3. mailako ikasleek genero biolentziaren prebentziorako tailerrak izango dituzte.

Iurretako Udalak ere helarazi du Berdinsareatik luzatutako komikia Orobiogoitia Institutuan landu dezaten, eta Abadiñon, berriz, 13-18 urte bitarteko gaztetxoak fotonobela lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte —baita hilaren 24an, 16:00etan, Muntsaratzen margotuko duten muralean parte hartzera ere—. Berrizen gazteei etxeetara helarazi die Berdinsareatik landutako komikia; hala ere, horrezaz gainera, lan-saio bereziak izango dituzte ikastetxeetan.

Aitatu dezagun Berrizen azaroaren 16an indarkeriaren inguruko jardunaldiak ere hasiko dituztela Gaztediren lokalean, eta, Iurretan genero biolentziazko egoera baten aurrean zer egin azalduz informazioa zabalduko dutela, datorren asteon, etxez etxe. Bestalde, hilaren 23an, Genero Indarkeriaren Kontrako Emakume Artisten elkarteko presidente Cristina del Vallek kontzertua eskainiko du Durangon, eta Abadiñon QTmeto antzezlana ikustea izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!