Mingain urdinaren gaitza dela-eta, zaintza eta babes dispositiboa abiatu dute

Anboto 2007ko aza. 7a, 15:59

Zaintza eta babes dispositiboa jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak Gipuzkoako ustiategi batzuetan agertu diren mingain urdinaren gaitzaren kasuak baieztatu ondoren. Bizkaia gaitzaren fokutik neurtzen den 100 kilometroko erradioaren barruan dago eta, ondorioz, zaintza estuari lotuta dago.

Zaintza eta babes dispositiboa jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak Gipuzkoako ustiategi batzuetan agertu diren mingain urdinaren gaitzaren kasuak baieztatu ondoren. Bizkaia gaitzaren fokutik neurtzen den 100 kilometroko erradioaren barruan dago eta, ondorioz, zaintza estuari lotuta dago.

Joan zen barikuan abiatu zuten dispositiboa Bizkaian. Eguaztenera bitartean 56 ardirengan eragin du gaitzak Gipuzkoan, eta 33 hil dira. Bestalde, Nafarroan ere hasi dira analisiekin. EHNEk, analisirako eta gaitzaren fokoaren jarraipenerako mahaia sortzea eskatu du, “baserritar guztiak garaiz informatuta egoteko eta sektorekoek proposamenak aurkezteko aukera emanez”.

Abeltzaintza Zerbitzuko albaitariekin, ustiategietako albaitari klinikoekin, ardi-azienda eta behi-azienda elkarteetako teknikariekin eta abeltzaintzako saneamendurako taldeekin dihardute lanean. Ez da gertatu mingain urdinaren gaitzaren kasurik Bizkaiko abeltzaintzako ustiategietan, eta ez da ezagutzen behi-azienda, ardi-azienda eta ahuntz-aziendatan eragindako kasurik, azaldu dutenez. Hala ere, “mugimendu kontrolatuak” mantentzen dira, “ukipen-fokutik 100 kilometro baino gutxiagora toki guztietan egin behar den lez”.

Bizkaiko Aldundia Gipuzkoa eta Arabako aldundietako nekazaritza sailekin dago hartu-emanean, eta koordinatuta dihardutela jakin eragin dute. Era berean, Bizkaiko Aldundiaren eskuordetza bat ere Madrilera joan da egoera aztertuko duen Alerta Sanitarioko Sarearen Nazio Batzordearen batzarrean parte hartzeko. Aitatu dugun lez, 100 kilometroko erradioan babesgunea jarri dute, eta 150 kilometroan ikuskatze gunea. Babesgunetik kanpora animaliak saldu ahal izateko, 28 egun igaro behar dituzte berrogeialdian eta gero Elisa analisiak egin; bestela, 14 eguneko berrogeialdia eta PCR frogak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!