Ohi den legez, lorez jantzi dira hilerriak Domu Santu egunean

Anboto 2007ko aza. 1a, 14:18

Gladioloak, arrosak, krisantemoak, lirioak, akarak, orkideak… hainbat kolore eta motatako lorez jantzita iratzarri dira, gaur, hilerriak. Urtean zehar mantendu ohi duten kolore ilun eta grisa baztertuz, kolore biziz hornitu dituzte kanposantuak Durangaldean ere Domu Santu egunean.

Gladioloak, arrosak, krisantemoak, lirioak, akarak, orkideak… hainbat kolore eta motatako lorez jantzita iratzarri dira, gaur, hilerriak. Urtean zehar mantendu ohi duten kolore ilun eta grisa baztertuz, kolore biziz hornitu dituzte kanposantuak Durangaldean ere Domu Santu egunean.

Itxuraldaketa sakona izan ohi da azaroaren aurreneko egunak dakarrena; koloretsu, usaintsu eta jendetsu izaten dira hilerriak. Aurreko egunetan makina bat lan izan dute lore-dendek. Elorrioko Arabarra lore-dendakoak ere lan askorekin jardun dute. Argitu dutenez, oro har, 30-50 euro bitarteko lore-erramuak erosi ohi dira kanposantura eroateko. Izaten dira, baina, bereziak ere.

Gomuta eguna

Hilobietan lore-sortak utzi eta hildako senitarteko zein lagunei omenaldi xumea egiteko eguna izan ohi da azaroaren 1a, santu guztien eguna. Asko izango dira, gaur, horri eutsiz hildakoak gogoratuz inguruko hilerriak bisitatuko dituztenak, baden arren, jendetzarekin bat ez egiteko, bere hildakoak gogoratzeko Domu Santu aurreko egunak gurago dituenik; hilobi eta panteoiak prestatzeko —hilarriak garbitzeko, txukuntzeko, belarrak kentzeko…— erabili ohi diren egunak. Aitatu dezagun, bezpera, Arimen Eguna izan zela.

Usadioak moldatuz

Hala ere, geroago eta gehiago dira, aukeren artean, gorpua lurperatu baino errausketa gurago dutenek; gorpuaren errautsak itsasoan, mendian edo bestelako lekuren baten zabalduz. Horrez eraginez, diotenez, loreak ere lehen baino gutxiago saldu ohi dira, “lore-sortaren bat eroan ohi den arren”, Arabarrakoen berbetan. Usadioak moldatu ere egin ei dira. Kolore zuria zen nagusi lehenago hilerrirako loreak aukeratzerakoan; orain, berriz, kolorea: “Gizonezkoentzat gorria erabiltzen da eta emakumeentzat hainbat kolore”, azaldu digutenez.

Etxeko eta lagunen hilarriari bisita lehenengo, eta gero, gainerakoei begirada: urteroko hitzordua izaten da azaroaren lehenengoak dakarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!