Eztabaidak sortu arren, alderdi guztien elkarlana beharrezkoa izango da

Anboto 2007ko urr. 19a, 09:00

Zerbitzuak eskaintzeaz gain, arlo askotan Durangaldeko politikak koordinatzeko tresna izan litekeela azaldu dute. Larraurik kritika horiek onartu dituen arren, udalek eskuduntzak dituzten gaietan oztopo asko aurkitu litezkeela azaldu digu.

Legealdi honetan ere Durangaldeko Mankomunitateko presidente izango zara. Jarraitzeko gogoz zaude?
Bai, gogotsu hartu dut nire azkenengo legealdia izango den hau. Beti egoten dira, arrazoi batengaitik edo beste batengaitik, burutu barik geratzen diren gauzak eta horiei heltzen ahaleginduko naiz.

Zure azkenengo legegintzaldia izango da, beraz.
Bai, hala da: azkena. Estatutuetan ezartzen denez, asko jota hiru agintaldi egon daiteke pertsona bera Mankomunitateko presidente. Legegintzaldi hau hirugarrena izango da niretzako.

Orain arteko ibilbidea nolakoa izan da?
Azkenengo lau urteak oso garrantzitsuak izan direla deritzot, eta legegintzaldia ere horrelakoa izatea nahiko nuke. Obrak eta inbertsio garrantzitsuak egiteaz gainera, eskaintzen ditugun zerbitzuetan sakondu dugu, denon laguntasunarekin. Laburbilduz, Mankomunitatea asko hasi dela esan genezake.

Nola abiatu duzue legealdi berria?
Oraingoz dena ondo doa. Gogotsu hasi da urtea, eta gero ere ia horrela izaten jarraitzen duen. Legealdia aurrera doan heinean, denok ere bajatzen dugu hasierako indar hori, baina ia mantentzeko gai garen. Gauza asko egin litezke eta horretarako gaude.

"Obrak eta inbertsio handiak egiteaz gainera, eskaintzen ditugun zerbitzuetan sakondu dugu, batez be"

Antza denez, oposizioak ez dizue gauzak hain erraz ipiniko, ezta?

Pentsatu behar dena da Mankomunitatea, azken batean, zerbitzuak direla, eta udaletxeko ardurak direla arazoak sortzen dituztenak; bai inbertsioak, bai obrak… Geure eztabaidak izango ditugu, baina euren laguntasuna ere izango dudalakoan nago. Alderdien elkarlana ezinbestekoa izango da gauzak aurrera ateratzeko eta beste berri batzuk abian jartzeko.

Kargua hartu zenuen egunean denon laguntasuna beharrezkoa dela aipatu zenuen.

Zerbitzuak eskaintzeak gizarte laguntza esan nahi du; diruarekin, laguntza psikologikoarekin… eta hor ezin da arazorik egon. Eztabaidak izango dira, hainbeste diru gastatu behar den edo hainbeste ordu eman beharra dagoen erabakitzerako orduan, baina ez dut uste arazorik izango dugunik.

Hainbat alderdiren iritziz Mankomunitatea zerbitzuak eskaintzeko tresna bat baino gehiago izan beharko litzateke. Kritika horri zer irizten diozu?

Kritika positiboa da. Mankomunitateak udal guztien baimenaren arabera dihardu. Gai askotan eskuduntzak dituztenak udalak dira, eta hortxe aurkitzen dugu oztopoa. Denok ados egonez gero, baita udalak ere, proiektuak aurrera irtengo dira.

Alderdi Sozialistak eskualdeko politika koordinatzeko proposamena egin zuen azkenengo bilkuran.
Gauza berria da hori eta nire alderdikideekin berbarik egin gabe nengoenez, aztertu beharreko gaia zela erantzun nuen. Nik nire aldetik ondo ikusten dut, eta Alderdi Sozialistaren proposamen horrek aurrera egitea posible dela deritzot, gainera EAE-ANV ere ados dago, baita Aralar ere… Orain asmo hori gauzatzeko lan egin behar dugu eta ia noraino heltzen garen.

“Mankomunitateak udal guztien baimenarekin dihardu. Gai askotan eskuduntzak udalek dituzte; horregaitik daude arazoak”



Beste alderdiengan EAJk orain arte Mankomunitatean izan duen nagusitasuna kentzeko ahaleginik somatu duzu?
Ez. Ez dakit horrelako pentsamendurik egongo ote den, baina nik behintzat ez dut ikusi. Aurreko urteetan erabateko gehiengoa izan dugun arren, esan beharra dago proposamen ia denak batzordeen oniritziarekin onartu direla. Ez genuen gehiengoa erabili proposamenak aurrera ateratzeko, eta hemendik aurrera ere elkarlan hori mantentzea nahi dugu.

Zeintzuk dira Mantokomunitatearen hurrengo lau urteotarako proposamenak?
Nik beti gauza bera esaten dut. Gure helburua betidanik zerbitzuetan sakontzea izan da, eta horretan jarraituko dugu. Barne funtzionamenduari dagokionez, zazpi batzorde izatetik bostera igaro gara; gutxitu egin ditugu, jendea nekatu ez dadin.

Oraintxe bertan, zer zerbitzu eskaintzen du Mankomunitateak?
Alde batetik, ogasuna eta administrazioaren inguruko zerbitzuak ditugu: Mankomunitatearen gastuak, organigrama, etab. Bestetik, gizarte zerbitzuak, lan eta enpresen garapena, ingurumena, kontrol sistema eta kontratazio mahaia. Horiek denek osatzen dituzte Mankomunitateko batzordeak. Esan dudan legez, zazpi batzordetik bostera pasatu gara.

Mankomunitateko buru izateaz gainera, Abadiñoko zinegotzia be bazara. Oposizioan zer jarrera izango duzue?
Abadiñon sekula ez gara oposozioan egon, guretzat gauza berria da. Oraintxe konturatu gara oso “erosoa” izan litekeela oposizioan egotea, eta aurrean daudenak orain ohartuko dira gobernuan egotea ez dela hain erraza. Gu oposizio eraikitzaile baten aldekoak gara, beste arrazoi barik ezetza ematea ez zaigu gustatzen eta ez dugu egingo. Dena dela, eurek zerbait txarto egiten dutenean, geuk be egingo ditugu gure protestak.

“Eusko Alderdi Jeltzaleak herri askotan galdu du alkatetza, beraz, errua ez da izan geurea bakarrik. EAJk berak egin beharko luke hausnarketa”

Maiatzean boterea galdu izanaren inguruan hausnarketarik egin duzue?
Hainbat analisi egin litezke. Abadiñon bakarrik ez dugu alkatetza galdu, beste herri batzuetan be berdin gertatu da. Abadiñon bakarrik izanez gero, pentsatu beharko genuke geure errua izan dela eta zerbait txarto egin dugula, edo ez dugula egindakoa behar bezala transmititu. Baina hainbat herritan eman denez galdera hori, EAJk berak egin beharreko hausnarketa orokorra dela uste dut.
Gainera, hainbat urtez gobernuan egoteak be “kalte” egiten du. Arrazoiak asko eta desberdinak izan litezke.

Abadiñoko Independienteek alkatetza lortu zuten azken udal hauteskundeetan. Maiatzetik hona hilabete batzuk pasatu dira. Zelan baloratzen duzu?

Udan ia hilabete bi geldirik egon garela kontuan izanda, oraindino gutxi ikusi dugu. Gauza garrantzitsuenak oraintxe datoz: aurrekontuak, ordenantzak, aldaketak eta beste hainbat gauza. Hemendik aurrera ikusiko dugu independienteak zer egiteko gai diren. Orain arte, aurreko legegintzalditik zetozen gauzekin jarraitu dute. Gauza gutxi egin dituzte, oraingoz.

EAJ gobernuan izan den urteetako balantzea egingo zenuke?

Abadiñon urte asko eman ditugu gobernuan, eta herria aurrera joan dela denok ikusi dogu. Abadiño orain dela hamabost edo hogei urte zelan zegoen eta egungo egoera alderatzen baditugu, konturatuko zara zelako hobekuntzak izan ditugun. Eskainitako zerbitzuak eta egindako obrak aintzat hartuaz gero, balantzea erabat positiboa da. Eztabaidak eztabaida, hobera egin du Abadiñok eta hori da garrantzitsuena: herriarengaitik lan egitea.

Javier Uriarte alkate ohiaren aldamenean urte asko eman duzu. Ondo egin du lan?
Javier Uriarte izaera apur bat gogorrekoa den arren, orokorrean, bere lana ona izan da. Lehen egin dudan hausnarketa bera egin beharrean nago: begiratu herria nolakoa zen lehenago eta nolako den gaur egun. Aldaketa handia da. Bakoitza den modukoa da, baina esan behar dut Javierrek hainbat gauza egin eta ekarri dituela Abadiñora. Inork ezin lezake esan herrian beharrezko gauzak egin ez direnik.





ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!