Langile autonomoen estatutu berria sartu da indarrean

Anboto 2007ko urr. 16a, 14:09

Langabezia saria eta aurrez erretiratzeko eskubidea izango dute langile autonomoek, beste batzuen artean, autonomoen estatutu berria indarrean sartuta.

Langabezia saria eta aurrez erretiratzeko eskubidea izango dute langile autonomoek, beste batzuen artean, autonomoen estatutu berria indarrean sartuta.

Urriaren 12an sartu zen indarrean estatutu berria Hego Euskal Herrian eta, ondorioz, izaera hori duten langileek orain arte izan ez dituzten eskubide asko gozatzeko aukera izango dute hemendik aurrera. Hala ere, langabezia eta bestelako zerbitzuak jasotzen hasteko, orain arte hilero ordaintzen zutena baino gehiago ordaindu beharko diote Gizarte Segurantzari.

Langile autonomoen izaera definitzen du Espainiako Kongresuak ekainaren 28an onartutako estatutuak, eta eskubide eta betebehar batzuen jabe egiten ditu. Besteak beste, langabezia saria jasotzeko eskubidea izango dute, gaixoaldian astebete baino gutxiago pasatzen dituzten egunak kobratzekoa eta aurrez erretiratzeko eskubidea ez eze. Aldi baterako ezintasun kasuetan ere babesa eskainiko die langileei autonomoen estatutuak, eta lanera bidean edo bueltan izandako istripuak lan-istripu moduan hartzeko aukera ere izango dute
.
Langile autonomoak eta menpeko autonomoak —gutxienez euren soldataren %75 bezero bakar batengandik jasotzen dutenak— bereizten ditu estatutuak, eta azken horiek aitatutako eskubideez gainera, lan gaixotasun eta lan istripuengatik ere babesa izango dute. Autonomoen familia enpresen jarraipena segurtatzea ere gura du estatutuak, araua aurkeztean Espainiako Gobernuko ordezkariek esan zutenez; besteak beste, 30 urtez azpiko bere seme-alabak kontratatzeko aukera ematen dio autonomoari.

Denak ez dira indarrean
Aitatu dezagun neurri guztiak ez direla sartu indarrean. Batzuk urtarrilean sartuko dira; esaterako, lan istripu, gaixotasun edo ezintasunagatik kotizatzea. Langabeziaren sariaren zehaztasunak eta erakundeetan ordezkaritza segurtatzen duen eskubideak araudi zehatzagoa behar dutenez, hori gauzatu arte ez dira indarrean sartuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!