Lau ikastaro barri egingo ditu Behargintzak

Anboto 2007ko ira. 20a, 14:56

Ikasturte berriari begira lau ikastaro barri prest ditu Durangaldeko Behargintzak. Urrian hasiko dituzte horietariko hiru, eta laugarrena, berriz, azaroan. Halaxe eman dute jakitera Behargintzako arduradunek. Nabarmendu dutenez, ikastaroa amaitu ondoren ikasleek Durangaldeko enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute.

Ikasturte berriari begira lau ikastaro barri prest ditu Durangaldeko Behargintzak. Urrian hasiko dituzte horietariko hiru, eta laugarrena, berriz, azaroan. Halaxe eman dute jakitera Behargintzako arduradunek. Nabarmendu dutenez, ikastaroa amaitu ondoren ikasleek Durangaldeko enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute.

Etxeetan zein egoitza zentroetan Geriatria Laguntzailea izateko ikastaroa (250 ordukoa) da lehenengo hasiko dena. Urriaren 8an hasi eta abenduaren 19ra arte egingo dute. Urriaren 31n hasiko dira beste bi: CNC eta Ohiko Mekanizazioko Teknikaria izateko prestakuntza (445 ordukoa), batetik, eta Balio Anitzeko Entrenamendu-gelan jarduteko Egokitzapen Fisikoan Teknikari Espezializatua eta Fitness-monitorea izateko prestakuntza (500 ordukoa), bestetik. Datorren apirilaren 4ra arte joko du lehenengoak eta, bigarrenak, berriz, apirilaren 17ra arte. Aitatu ditugun hiru ikastaroetan jardundako ikasleek 360 orduko praktikak egingo dituzte Durangaldeko enpresatan, nabarmendu duten moduan.

Azaroaren 19an hasiko da azkeneko ikastaroa: Harreragile-administraria (323 ordukoa), hain zuzen ere. Datorren urteko martxora bitartean izango dira eskolak, eta prestakuntza jaso ondoren, 180 orduko praktikak ere egingo dituzte ikasleek. Iaz ere kaleratu zuten CNC eta Ohiko Mekanizazioko Teknikaria izateko ikastaroa; gainerako hirurak, baina, berriak dira.

Diruz lagundutakoak

Argitu dezagun lanerako prestakuntzarako ikastaroak direla laurak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutakoak. Langabekoei zein norberaren formakuntza hobetu gura duten pertsonei zuzendutako ikastaroak dira aitatutakoak. Arduradunek jakin eragin duten arabera, izena emateko epea zabalik dago dagoeneko Durangaldeko Behargintzan:
94 623 25 22.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!