Sei milioi tokialdatze egiten dira egunean –2,98 pertsona bakoitzeko–, eta oinez egindakoak ia %4 jaitsi dira, nagusi izaten jarraitzen duen arren; 10 bidaiatik lau baino gehiago dira horiek. Horiexek Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuk emandako datuak, Mugikortasun Iraunkorraren Astea dugun honetan.

Foroa eta hitzaldiak
Era berean, gaur, Mugikortasun Iraunkorra Durangon foroa egingo da, Elkartegiko Areto Nagusian, 19.00etan. Foroari hasiera emateko hitzaldi bi izango dira: Mugikortasun arloan joera eta proposamenak izango du hizpide Leber Planificacio e Ingenieria S. A. enpresako zuzendari Iosu Ramirezek; Bidean ta Kalean S. L.ko Ainhoa Ugaldek, berriz, mugikortasun segururako hezkuntzaz jardungo du.
Elorrion, berriz, Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginda, Una verdad incomoda filma eskainiko dute, ostiralean, 20:00etan, Arriola antzokian.
Auto Gabeko Eguna, zapatuan
Auto Gabeko Eguna dugu, bestalde, irailaren 22a. Horren haritik, Durangon, 12:00etan, herri-gunetik ordu erdiko bizikleta ibilaldia abiatuko dute Zumalakarregin; amaitzean, Txatunga Bembek girotutako harrera izango dute parte hartzaileek (opariak ere izango dira). Zornotzan, berriz, San Migel eta Gudari kaleak itxiko dituzte autoentzat, eta hainbat ekintza eratuko dira.