Durangaldeak euskera hutsezko lehenengo telebista izango du

Anboto 2007ko uzt. 25a, 07:00

Urkiola Ikusentzunezkoak SL enpresak eskualdean euskara hutsean emitituko duen telebista kate berrirako lizentzia eskuratu barri du. Enpresa horretako bazkide dira ANBOTO, Berbaro elkartea, Plateruena kafe antzokia, Gerediaga elkartea eta Hamaika.

Urkiola Ikusentzunezkoak SL enpresak eskualdean euskara hutsean emitituko duen telebista kate berrirako lizentzia eskuratu barri du. Enpresa horretako bazkide dira ANBOTO, Berbaro elkartea, Plateruena kafe antzokia, Gerediaga elkartea eta Hamaika. Sortuko den telebistaren ardatzak hauek izango dira: euskara hutsezkoa izatea; behetik gora egindakoa, hainbat sektoreren parte-hartzea indartuz eta tokiko errealitatean murgilduz; herritarra eta erreferentziala euskara dakiten eta ikasten ari direnentzat; tresna pedagogiko eta hezitzaile bezala ulertua; Euskal Herriko gainerako eskualdeetako euskarazko komunikabideekin elkarlanean jardungo duena; zabala eta dinamikoa edukietan. Dena dela, ametsa egi bihurtzeko proiektua gauzatu beharko da oraindik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Telebista Digitalen esparrua behin betiko finkatu nahian, Eusko Jaurlaritzak 57 baimen onartu beri ditu. Baimen horietako bat Durangon egoitza daukan Urkiola Ikusentzunezkoak SL enpresak eskuratu du.

Eusko Jaurlaritzak ebatzitako 190/2006 Dekretuan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoan hamabost demarkazio edo barruti zehaztu dira: bi Araban, sei Bizkaian eta zazpi Gipuzkoan. Eremu bakoitzak lau telebista lizentzia izango ditu.

Tokiko telebista digitalak eskuratzeko lehiaketa prozesuan 33 enpresa aurkeztu dira. Guztira, 89 eskaera jaso diren arren, Jaurlaritzak 81 onartu ditu. Beraz, 8 eskaerek ezin izan dute aurrera egin. Udalek lehentasuna zuten baimenak eskatzeko, eta, aldez aurretik, zenbait kate gorde zizkien gobernuak.Hala ere, eskaera bi baino ez dira jaso: bata Donostiako Udalarena eta bestea Barakaldoko, Portugaleteko eta Santurtziko udalen eskaera bateratua. Kasu horretan, lizentziak ez dira lehiaketa bitartez banatu; zuzenean kanal bana egokitu die Eusko Jaurlaritzak.

Bapateko ebazpena

Ekainaren 26an, Tokiko telebisten lizentziak zer enpresei emongo zizkien jakinarazteko epea irailaren 28ra arte atzeratuko zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, Turtziozen (Bizkaia) egindako gobernu bileran. Azkenean, inolako aurre-abisurik barik, eguazten honetan Lurreko Telebista Digitaleko (LTD) lizentzien banaketaren berri eman zuen Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluaren ondoren.

Lakuako Kultura Sailak emondako ebazpenaren arabera, ibilbide luzeko hiru talde jokoz kanpora geratu dira. COPEk (4 lizentzia eskatu zituen), Canal Euskadik (6 lizentzia) eta Kiss Radiok (6 lizentzia) ez dute lizentziarik eskuratu. Vocento taldeak, berriz, 12 lizentzia lortu ditu; eskatutako guztiak. Bestetik, Hamaikak eta Localiak ere eskatutako lizentzia guztiak eskuratu dituzte; bakoitzak 15 lizentzia. Horrek esan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 barrutietan euskara hutsezko telebista bat emititzen egongo dela.

Hurrengo urratsa

Jaurlaritzak martitzenean onartutako baimen guztiak ez dira behin betikoak, 28 baldintzatutakoak dira. Telebista bateko akzinodunek ezin dute eskualde bereko beste kate batean parte-hartze adierazgarririk izan (%5 baino gehiago) eta baldintza hori ez da betetzen Hamaika taldeak sustatu dituen zenbait telebistetan. Arazo tekniko horiek zuzentzeko bi hilabeteko epea dute. Dena dela, Iñaki Uria Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, egoera hori konpontzeko arazorik ez dago. Hala ere, tramite ugari gainditu beharko dira hurrengo hileetan. Uriaren ustez, gutxienez bi urte eta erdi beharko da telebistak martxan egoteko.

Urkiola Ikusentzunezkoak

Durangalderako euskarazko telebista kudeatzeko asmoz, DHK (Anboto), Berbaro elkartea, Durangoko Plateruena kafe antzokia, Gerediaga elkartea eta Hamaikaren eskutik sortu zen Urkiola Ikusentzunezkoak S.L. enpresa urte hasieran.

Erakunde horreek, bakoitzak bere esparrutik begiratuta helburuetan bat egiten zutenez, indarrak batzea eta lan praktikoan ere jauzi bat egitea erabaki zuten enpresa berri hau sortuz.
Sortuko den telebistaren ardatzak honako hauexek izango lirateke: euskara hutsezkoa izatea; behetik gora egindakoa, populazinoaren parte-hartzea indartuz eta tokiko errealitatean murgilduta; herritarra eta erreferentziala euskara dakiten eta ikasten ari direnentzat; tresna pedagogiko eta hezitzaile lez ulertua; Euskal Herriko gainerako eskualdeetako euskarazko komunikabideekin elkarlanean jardungo duena; zabala eta dinamikoa edukietan.

Hamaika

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea eskualdez eskualde euskarazko telebistak sortzeko helburuarekin jaio zen 2006an.

Durangaldean euskera hutsean sortuko den lehenengo telebistaren bazkidea ere izango da Hamaika. Talde horretako partaide dira Corporación Multimedia del Norte (Deia eta Noticias taldea), EKHE taldea (Gara eta Le Journal egunkariak), EKT (Berria eta Hitza egunkariak), Euskaltel, Elkar argitaldari eta banatzailea, eta Bainet ekoiztetxea.

Hiru komunikazino-taldeek, gehienbat prentsa-arloan jardun badute ere, argi dute euskarak presentzia ahula duela telebistan. Horrek bultzatu ditu egitasmo hori gauzatzera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!