Gogorarazi dute Durangaldean 27 preso daudela, “egoera eta baldintza latzetan”. Gaineratu dutenez, “ezin dugu ahaztu gatazka politikoaren ondorioz milaka lagunek egun batetik bestera dena utzi behar izan dutela eta ihes eginda daudela”.
Txirringaz ekimenaren helmuga “amnistia eta baldintza demokratikoen errespetua” da antolatzaileen berbeta

Azken urtean gauzak “asko aldatu” direla deritze Txirringaz ekimenaren bultzatzaileek: “iaz sasoi honetan ilusioa zen nagusi. Gatazkaren labirinto ilun honetatik ateratzeko bidea argitzen ikusi genuen, baina, hilabeteak aurrera egin ahala PSOEren gobernuak eta Josu Jon Imazen EAJk trabak baino ez dituzte jarri, konponbideari heldu beharrean”. Gaineratu dutenez, “alde batek su-etenaren apustua egin zuen eta ezker abertzaleak behin baino gehiagotan borondate zintzoa agertu du herri honen etorkizuna alderdi guztien artean adostu eta akordio hori aurrera eramateko, baldin eta euskal herritarrek erreferendum bidez berresten badute”.
Horren aurrean, baina, diote Normalkuntza politikorako Alderdien Mahaiak eratu gabe jarraitzen duela, polizia-operazioak ez direla eten, atxilotua “era basatian torturatzen” dituztela, sakabanaketa-politikak berean dirauela, erakunde politikoak ilegalizaturik daudela eta ezker abertzalea hauteskundeetan egoteko aukerarik gabe izan dela, besteak beste.
Euskal Herrian baldintza demokratikoak “ez direla betetzen” nabarmen dute eta “ustezko demokraziaren” datuak eman dituzte: “34.969 atxilotu, 7.052 torturatu, gatazka politikoaren ondorioz milaka lagun ihes eginda, 4.838 espetxeratu, 4.000 pertsona estatuen indarkeriak zaurituta, 355 lagun estatuen indarkeriak erailak, 379 estradizio-kanporaketa…”. Askatasunak “gatazka politikoa gainditzea ahalbideratuko duen prozesu demokratikoa zabaltzeko” beharra dagoela ikusten du. Diotenez, “oinarri demokratikoak zehaztuko diren prozesu horretan presoek ere parte hartzea beharrezkotzat” jotzen dute.