Bizkaian, unibertsitate aurreko irakaskuntza publikoan greba egitera deitu dute, gaur, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek. LABekoek emandako datuen arabera, oro har, %62koa izan zen jarraipena; Durangaldean, berriz, %80tik gorakoa. Hala ere, argitu dutenez, “Batxilergo mailako datuak zehaztea oso zaila da. Izan ere, azterketetan dihardute eta ez dituzte ohiko klase orduak”. Nabarmendu dutenez, “datuetan batzen direnak baino gehiago dira greba egin dutenak. Gehiagok egingo dute greba, baina, ez dute berririk eman”.
Herenegun, Araban deitu zen greba, eta hilaren 15ean Gipuzkoan. Sindikatuen arabera, hurrenez hurren, %60ko eta %70ko jarraipena izan zuten. Hezkuntza Sailaren arabera, berriz, %34koa eta %48koa izan zen jarraipena. Irakasleen lan-baldintzak hobetzeko eta irakaskuntza publikoa sendotzeko helburuarekin antolatu dituzte lanuzteak sindikatuek.

Ildo horretan, gogoratu dutenez, datorren ostegunean EAEko unibertsitate aurreko irakaskuntza publikoan dago deituta greba, eta erantzuna “oso zabala” izango dela uste dute. Izan ere, azaldu dutenez, egonkortasunari dagokionez “bigarren mailako profilik ez dutenek 2010era arte euskara ikasteko kontratua lortu duten arren, badutenek lanpostua galdu dezakete”.
Greba deia gaur ere
Beste alde batetik, gaur, EAEko Hezkuntza Bereziko eta Zerbitzuetako kolektiboetako langileak greba egitera deitu dituzte, gaur, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuek. Lan-baldintzen hobekuntza eta soldata duinak eskatzen dituzte. Eguenerako ere daude deituta langileok, hezkuntzan egindako deialdiarekin bat eginez.