<i>Oscarretatik datozen filmen artean lekua egitea lortu dogu</i>

Anboto 2007ko mar. 21a, 19:09

"Dena galdutzat ematen duzunean…eutsi!". Horixe da Baleuko Durangoko ekoitetxearen, Irusoinen eta Barton Filmsen eskutik sortu den euskarazko film barriaren goiburua. Saldix Corp. enpresaren lan gatazkari aurre egiteko Kepak (Anjel Alkain) eta Martinek (Asier Hormaza) euren protesta Frantziako Tourrean ezagutzera emotea erabakitzen dabe. Pelikula pantailaratu den lehenengo asteburuan, Hego Euskal Herrian bigarren film ikusiena izan da. Alberto J. Gorritibereak zuzendu dauen lehen film luzea da hau.

Filmaren zuzendaria izateaz gainera, gidoilari lanetan be aritu zara Unai Iturriagagaz batera. Zelan konpondu zarie?

Hau enkarguzko lan bat izan denez, guk ez genduen aurretik elkar ezagutzen. Oso gustura hartu genduen proiektua, eta denpora gitxian egindako lana izan da. Sekuentziaka gidoia landu dogu eta erabaki guztiak hartzeko asko eztabaidatu dogu. Ez dot sekula beste inorekin gidoirik egin, eta oso aberasgarria da. Izan be, erabaki bakotxa justifikatu behar deutsazu besteari. Gainera, Unai oso zorrotza da eta halako lanetan beharrezkoa dela deritzot.

Tourra ikustera joaten zaren zaleetakoa zara?
Ni ez naz sekula joan, baina Unai urtero joaten da. Quebrantahuesosera joan izan naz, eta badakit zelako giroa egoten den. Telebistatik besteok zelan ikusten dogun jakitea be garrantzitsua da.

Zenbat bider galdetu deutsue film hau zer generotakoa den?
Ia elkarrizketa guztietan. Errealitatean oinarrituta dago. Benetako bizimoduan halakoak pasatzen dira eta Kepa lako pertsonaiak denok ezagutzen doguz. Road moviea dela esan geinke. Bidaia iniziatiko bat be badago. Akzinoa dauka; komedia eta drama soziala be bai.

Deslokalizazinoa lantzen dozue.
Elkartasun puntu bategaz landu dogu hain gaurkoa den gai hau. Arazo horren aurrean bi lagunen artean konpontzen badira, seguru asko hiruren artean errazagoa izango da. Istorio txiki bategaz gai handi batera jo dogu.

Protagonistak Asier Hormaza eta Anjel Alkain dira. Zelan aukeratu zenduezen?
Erabaki hori argi geunkan. Biek ezagutzen eben proiektua eta gidoia amaitu genduenean, berehala hasi ginen pentsatzen beste pertsonaiak nortzuk izango ziren . Castingik be egin barik Oihana Maritorena, Kandido Uranga eta Nagore Aranburu hartu genduzen, dagoeneko, euren lan egiteko modua oso frogatuta daukielako.

Zelan joan zen errodajea?
Zinean, mantso lan egiteaz gainera, emaitza eta kalitatea asko zaindu behar dira. Errodajean giro ona izan dogu, baina oso gogorra izan da. Inplikazino handia izan dogu ekipo teknikoaren eta aktoreen artean.

Euskal zinemagintza zelan dago?
Zerbait falta zen eta normalizazino bide baten sartu gara. Agian, Nomadak TX, Aupa Etxebeste! eta Kutsidazu bidea, Ixabel filmak sortu dira. Bide horretan zeozer egiten gabilz.

Estreinaldian argiak amatatzerakoan, zer sentitzen dau zuzendariak?
Aurrestreinaldian jentearen txaloak eta barreak entzunda hunkitu egin nintzen. Halan be, oso autokritikoa naz, eta horrela izan behar dau. Ezin dot pelikula beste barik ikusi.

Marketing aldetik be euskal zinemagintzan aurrerapausoak emon dira filmak ezagutzera emoteko.
Industria bat sortu behar da. Gustatu edo ez, hori sortuz gero, guri be aukerak emongo deuskuez. Bitxia da, baina jatetxe batera joan nintzen eta Eutsi!ren tapete gainean jarri ziguten platera. Azken asteotan, hainbat elkarrizketa eta prentsaurreko be emon doguz, baina ohartzen naz egin beharreko lan bat dela eta denori ondo etorriko jakula.

Zure lehenengo film luzea izan da hau. Zelako esperientzia izan da?
Oso positiboa izan da. Zaila da film luze bat egitea, estreinatzea eta lehia komertzialean sartzea gehiago oraindino. Oscarretatik datozen filmen artean lekua egitea lortu dogu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!