Adineko pertsonen mendekotasun egoeraz sentsibilizatu gura ditue antzerkiaren bitartez

Anboto 2007ko mar. 20a, 14:12

Adineko pertsonen mendekotasun egoeraz umeak sentsibilizatu guran antzerkia ardatz daukan egitasmoa jarri dute martxan Zaindu egitasmoaren barruan; baita pertsona horiek familian zaintzaz ere sentsibilizatzea. Durangaldeko Mankomunitateak eta Durangoko Udalak sustatutako programa da Zaindu, besteren beharra duten adineko pertsonen senide jagoleentzako esku-hartzekoa.

Adineko pertsonen mendekotasun egoeraz umeak sentsibilizatu guran antzerkia ardatz daukan egitasmoa jarri dute martxan Zaindu egitasmoaren barruan; baita pertsona horiek familian zaintzaz be sentsibilizatzea. Durangaldeko Mankomunitateak eta Durangoko Udalak sustatutako programa da Zaindu, besteren beharra duten adineko pertsonen senide jagoleentzako esku-hartzekoa.

Ekimena 8-10 urte bitarteko umeei zuzendutako da; izan ere, jagole lanetan helduek jardun arren famili nukleoaren zati dira umeak ere. Durangaldeko Lehen Hezkuntzako 2. zikloko 1.052 neskato-mutikok parte hartuko dute, Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Iurreta eta Otxandiokoak.

Helburu nagusi bat dauka egitasmoak: denok eskaini genezakeela zainketa: “Umeak ere lagundu dezakeela zein gura izan dezakeela laguntzea”. Mendekotasuna adinarekin lotuta ez dagoela erakutsi gura izan dute eta bitartekari egokitzat jo zuten antzerkia: “Hori da ardatza, hala ere, aurretik euskarri teoriko bat dago, fitxa didaktikoak dituzte eta ikasgelan landuko da gaia. Antzezlanera aurretiko ideiekin helduko dira”. Ikasgelan, etxean bizi duten edo etorkizunean bizi dezaketen egoera lantzen du egitasmoak: “ Izan ere, gure gizartean, familien eta ekonomiaren egoerak direla-eta biloben zaintzaile nagusi bihurtzen dira aitona-amonak eta duten hartu-eman polit hori galdu dezakete. Beraz, ohartarazi gura diegu aitona-amonek zaindu gaituela eta orain gure beharra izan dezaketela”. Eskualde mailan “aitzindaria” den egitasmo honen aurrean ikastetxeen harrera “oso ona” izan dela nabarmendu dute arduradunek.

La Papa Producciones-ekin batera jorratu dute egitasmoa eta lehenengo saioa bihar izango da Elorrioko Arriola antzokian, 11:00etan. Elorrioko eta Atxondoko eskola umeek familiari zuzendutako Behinola —gaztelerazkoa Los años viejos— ikuskizuna ikustea izango dute; “gazteen gustuko ez eze guraso edo aitona-amonen gustukoa izan daitekeena”, obraren egile eta zuzendari Ricardo Combik azaldu duenez. Hala ere, umeei begira eratutako ekimena izanik gaia bera lantzea zaila izan dela aitortu du, “pasarte barre-eragileak” dituen arren. “Gai oso serioa eta zaila da umeei azaltzeko, hala ere, ondo pasatuko dutelakoan gaude”.

La Papak eskaeraz egindako beste hainbat lan ere egin ditu: “Didaktikoa den antzerki baten sinisten dugu, bizitzan eta egunerokotasunezko gauzekin inplikatutakoa”.

Hurrengo saioa martxoaren 27an izango da, Abadiñoko Errota kultur etxean, 11:00etan — Traña-Matienako eta Zelaietako ikasleak izango dira bertan—; maiatzaren 7, 8 eta 9an, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute obra — Durangoko eta Otxandioko ikasleek parte hartuko dute—.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!