Laguntzak eskualdeko garapen iraunkorrari

Anboto 2007ko ots. 28a, 16:02

Durango, Atxondo eta Garai: ingurumena eta garapen iraunkorra hobetzeko hiru herriok aurkeztutako egitasmoak lagunduko ditu diruz Bizkaiko Foru Aldundiak. Udalerri iraunkorrago eta osasungarriagoak eraikitzeko 52 egitasmo — Durango, Garai eta Atxondokoa tartean— egi bihurtzeko 6 milioi euro jarri ditu Foru Aldundiak.

Durango, Atxondo eta Garai: ingurumena eta garapen iraunkorra hobetzeko hiru herriok aurkeztutako egitasmoak lagunduko ditu diruz Bizkaiko Foru Aldundiak. Udalerri iraunkorrago eta osasungarriagoak eraikitzeko 52 egitasmo — Durango, Garai eta Atxondokoa tartean— egi bihurtzeko 6 milioi euro jarri ditu Foru Aldundiak.

Udalerriek eurek landutako proiektuak dira garatuko direnak, Tokiko Agenda 21ean bilduta daudenak dira, eta energia berriztagarriekin, eragingarritasun energetikoarekin, mugikortasun iraunkorrarekin, hondakinen kudeaketarekin eta astialdirako eremuak sortzearekin lotutakoak. Urte honen barruan emango dituzte laguntzak; bete beharreko baldintza izan da Tokiko Agenda 21ean batuta egotea, eta, izaera estrategikoko ingurumen ekintza eta 2008ko ekainaren 30a baino lehenago exekutagarria izatea.

Iazkoarekin alderatuta, diru-laguntza horretarako dirua hiru bidertu egin da aurten. “Tokiko Agenda 21ak ezartzeko eta horretan batutako ekintza planak bultzatzeko Aldundiaren apustuaren isla” da hori. Aldundikoek argitu dutenez, Bizkaiko ia 112 herriek egin dute Tokiko Agenda 21a; legegintzaldiaren hasikeran, berriz, 19 bakarrik ziren.

Mugikortasun iraunkorrarekin lotuta onartu da Durangoko egitasmoa —beste 12rekin batera—. Eremu publikoa mugikortasun iraunkorrari egokitzea eta herrietan oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasun sistema berria bultzatzea da helburua, horrela, kutsadura, energiaren kontsumoa, giroko zarata eta gertatzen diren istripuak murriztuz. Horren ildotik, Durangon, hiria inguratzen duen saihesbidearen ertzean bidegorria egingo dute. Lehenengo tarteari ekingo zaio; San Roke eta Tabira artekoari.

Astialdirako guneak sortzeko onartu dira Garai eta Atxondoko egitasmoak —beste 16rekin batera—. “Astialdirako guneen sarea osatzea eta gure inguruko narriatutako eremuak berreskuratzeko”, azaldu dutenez. Atxondon, frontoiaren aurrealdea lehengoratu gura dute, egoteko eta pasiorako gune lez egokituz. Garain, berriz, jenderik gehien bizi den tokian umeentzako jolasteko parkea jarri gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!