Izan ere, herriz-herriz eratutako ekitaldi sorta zabala da. Egunean bertan egingo dute elkarretaratzea Elorrion ere, 19:00etan, plazan; eta, Abadiñon, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin lotutako manifestua irakurriko dute Traña-Matienako Udal Bulegoan, 12:15ean. Berdin egingo da, 19:00etan, Errota kultur etxean; aurretik, baina, dantza eta laburmetraia baten proiekzioa izango dira. Berrizen, berriz, Como disfrutar del sexo siendo mujer erakustaldi-berbaldia eratu dute. Kultur Etxean, 17:30ean, sex-shop bateko ordezkari batek jardungo dau hainbat tramankulurekin. Zaldibarren, 18:00etan, Umorea eta emakumea hartuko ditu hizpide Rakel Imazek (Trokolo), eskolako aretoan.
Aukera zabala
Aurrekari lez datozkigun ekitaldiak ere hainbat dira: Los desafios del feminismo actual berbaldia, Elorrion, Arantza Camposen (EHUko Berdintasunerako Masterraren zuzendaria) eskutik, bilkura aretoan, 19:00etan; ikastetxeetan, berriz, LH-n, ipuin kontalari tailerrak egingo dituzte, 5 eta 6an. Abadiñon, Martxoaren 8rako kartel lehiaketaren sari banaketa egingo dute, martxoaren 2an, Errotan, 19:00etan; eta, martxoaren 3an, berriz, graffiti tailerra, Traña-Matienako frontoian, 14-18 urte bitarteko gazteentzat –11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara–.

Hurrengo asteburuan be hainbat ekitaldi batuko dira: Tabira Musika Banda, Ttanttaka antzerki taldea eta Lilakrosa izango dira Durangon; Elorrion Miarritzeko Balleta, zinekluba eta flamenko saioa; Berrizen afari-dantzaldia; Drag Bakarrizketak eta afari-erromeria eratu dituzte Zaldibarren; Abadiñon, berriz, erakusketak, antzerkia eta solasaldiak eratu dituzte datozen egunotarako.