Artisautzarekiko “ardura falta” salatu du Arbasok

Anboto 2007ko ots. 8a, 15:51

Bizkaiko artisautzarekiko “arduragabekeria” egotzi die Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak, agintari politikoen zein Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko eta Eraberriketa Saileko teknikoei. Era berean, artisautzarekin lotutako “gai guztietan” sail horrek daroan funtzionamenduarekiko “desadostasun osoa” agertu gura izan dute, ohar baten bitartez.

Sail horrek Artisautzarako Laguntza Plangintzen bitartez, sektoreak jasotzen dituen laguntzen erosteko ahalmena “hipotekatzen” diharduela diote, eta Bizkaiko Artisautzaren Sustapenerako laguntza-poltsaren “pixkanakako deskapitalizazioa” salatu dute.

“Obskurantismoa”

Artisautzarako laguntzak kudeatu eta zehaztean “jarrera obskurantista” errepikatzen dela salatu du Arbasok, eta “sektoreko solaskideekin elkarrizketa instituzional falta”. Bizkaiko artisautza dinamizatu, sustatu eta bultzatzeko “estrategia instituzionalik” ez dagoela deritze, eta “artisautzak bizi duen krisi egoerari aurre egiteko benetako plangintzarik” ez dagoela.

Bizkaiko Artisautzari emandako laguntzak arautzen dituen dekretuarekin lotuta egin dituzte adierazpenok. Sektorearekin ez dela kontsultatu diote, eta, “interesik ez dela jarri” artisauek eduki dezaketen beharrizanekiko.

Bizkaiko Artisautzarako, aurten, 180.000 euro bideratu direla eman dute jakitera, eta, 2005ean, 275.000 euro. 2006an, 215.000 zehaztu zirela diote, baina, azkenean, 114.475 bideratu zirela. Besteren artean, azokak antolatzeko diru murrizketak aitatu dituzte: “2002an, bertaratutako artisau bizkaitar bakoitzeko 900 euroko laguntza bideratzetik, 2006an, artisau eta eguneko, 100 euro bideratzera pasatu dira. Iraupen laburreko azokentzako freno handia da hori, beraz, baita artisau tailerretan egiten den lana ezagutzea laguntzen duten ekintzak ugaltzeko ere”, Arbasokoek azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!