Futbol taldeek, ia beti, Liga hasi aurretik finkatzen dituzte denboraldirako helburuak. Emaitzak
Iaz, emakumeen liga bitan zatitu zuten: I. eta II. Erreginal Mailak. Multzo bakoitzeko sei lehenengoak igoko ziren lehen mailara. Iurretakok, bosgarren amaituta, igoera lortu zuen. Aurten, beraz, maila berriari neurria hartzearekin konforme ziren baina, liga erdia joan denean, bosgarren daude, ustekabean, 28 punturekin; P. Athletic laugarren sailkatua puntu bira dute. Taldearen ibilbide onaren zergatiak bat baino gehiago dira. Batetik, “urte askoan elkar ezagutzen duten jokalariak ditugu, eta igartzen da zelaian”, Romeroren esanetan.
Bestalde, taldea baloia mugitzen saiatzen da: “Emakumeen futbolean jokoa pase luzeetan oinarritzen da, eta ni hori aldatzen saiatu naiz, ahal den neurrian. Jokaldi landuagoak egiten ditugu, eta baloia ukitzen saiatzen gara”. Azkenik, jokalariak oso maila onean ari ei dira: “Aurrean jokalari azkarrak eta kalitate onkoak ditugu, eta atzean seguruak”.
Iurretako askoz hobeto ari da etxetik kanpora etxean baino. Kanpoan sei partida irabazi dituzte eta bakarra galdu; etxean, berriz, bi bakarrik irabazi dituzte: “Horren arrazoietako bat, etxeko harmailetan izaten den giro hotza da. Jende gutxi etortzen da partidak ikustera eta jokalariei tentsioa pizteko ez da girorik aproposena. Beste zelai askotan, jendeak gehiago animatzen du eta epaileari presioa sartzen diete”.
Asteburuan, hain zuzen ere, etxean jokatuko dute Leioakoren kontra. Sailkapenean antzera kokatuta daude eta partida zaila izango da.
Berriz, talde gaztea
Berriz etorkizunerako taldea prestazen dabil; ez taldearen kirol eredua hori delako, emakumeen futbolean jokalariak “boladaka” irteten direlako baino, Jesus Iraurgi berriztarren entrenatzailearen esanetan: “Urte bitan jokalariz justu samar ibili gara. Aurten, 14 urteko lau futbolari ditugu eta 15 eta 16 urte arteko sei. Zorionez, eskola-kiroletik talde bat iritsiko da datorren urtean. Hori guztia kontuan hartuta, talde lehiakorra egin dezakegu, baina epe ertainera begira: bi-hiru urte barrurako”.
Berriztarrak zazpigarren daude II. Erregional Mailan. Lehen itzuli “kaskarra” egin zuten, baina bigarrenean bizkortu egin dira. Iraurgiren ustez, taldea gorago legoke atezain egoki batekin: “Taldeko atezain biak lesionatuta daude eta jokalariak jarri behar ditugu atean. Logikoa den moduan, ez dira hain ondo moldatzen eta puntu askok hortixe alde egin digute”. Domekan, Erandiori egingo diote bisita.
Elorrio, kanpoan ezin
Elorrio II. Erregional Mailako azken postuan dago. Etxean itxura antzean dabiltza, baina kanpoan berdinketa bi besterik ez dituzte lortu. Aurkarien atea zulatzea kosta egien zaie: “Partidak parekatuak izaten dira, diferentzia handirik gabeak, baina gol gutxi egiten ditugunez, azkenean galdu egiten dugu”, dio Belen Gonzalez entrenatzaileak.
Zelaiaren tamainak ere zerikusia du elorriarren errendimenduan: “Gure zelaia handia da, eta kanpoko batzuk txikiak dira. Zelai horietan kosta egiten zaigu gure jokorik onena egitea”.
Joan zen astean galdu egin zuten Karrantzaren kontra (2-1). Bigarren zati onak ez zien balio izan lehenengoan galdutakoa berreskuratzeko. Asteburuan Ugeraga jasoko dute. Irabaziz gero, azken postutik irtengo lirateke.