Aldundiak Orueko Pasiotarren Elkarteari eman dio 2006ko Lauzaxeta saria

Anboto 2006ko abe. 13a, 10:47

Bizkaiko Foru Aldundiak aurten Orue auzoko Pasiotarren Elkarteari eman dio Lauaxeta Saria. Erlijio elkarte horrek 50 urte daramatza gure lurraldean eta bitarte luze horretan lan garrantzitsua egin du euskal kulturaren eta euskarazko hezkuntzaren alde.

Bizkaiko Foru Aldundiak aurten Orue auzoko Pasiotarren Elkarteari eman dio Lauaxeta Saria. Erlijio elkarte horrek 50 urte daramatza gure lurraldean eta bitarte luze horretan lan garrantzitsua egin du euskal kulturaren eta euskarazko hezkuntzaren alde.


Jakina denez, Foru Aldundiak iaz sortu zuen Lauaxeta saria, gure hizkuntza sustatu, zabaldu eta normalizatzeko ahaleginengatik nabarmendu diren pertsona eta taldeei jendaurrean esker ona agertzeko. Sariaren izenak berak Esteban Urkiaga “Lauaxeta” euskal idazle handiaren figura ekarri nahi du gogora.

Ander Manterolak jaso zuen lehenengo Lauaxeta saria, iazkoa hain zuzen ere. Entzutea eta ospea bereganatu du euskal kulturaren ikerketan eta zabalkundean egindako lan nekaezinagatik. Bigarren edizio honetan, Orueko pasiotarrek jaso dute esker oneko sari hau.

Asko dira Orue auzoko Pasiotarren Elkarteak Lauaxeta sariaren 2006ko bigarren edizio honetan saria eskuratzeko egin dituen merezimenduak.

Erlijio elkarte bati dagokion moduan, gizartearen zerbitzuan lan egiten du. Gainera, euskal kultura zabaldu eta sustatzeko egin dituen lan eta proiektu ugariak nabarmendu behar dira. Hain zuzen ere, elkartearen lelo ezagunenetariko bat da kultur aisia komunikazioaren oinarri bihurtu izana, lehen eta orain euskal komunitatearen kultur hezkuntzaren parte izateraino, inolako zalantzarik gabe.

Beraren ekimen nagusien artean honakoak aipatu behar dira:

Lauaxeta ikastola, euskara hutsean diharduen ikastetxea.

Ibaizabal argitaletxea. 1990ean sortua, gune sortzaile bihurtu da kultur argitalpenen industriaren barruan. Hezkuntza, euskara eta euskal kultura ditu lan-ardatz. Zeregin horretan beti hartu dituzte aintzakotzat berrikuntza eta teknologia berrien erabilera, garai berrietara egokitzeko, eta bide horretatik EFQM kudeaketa eredua bereganatu dute. Argitaletxe honek testuliburuak eta ikasmaterialak argitaratzen ditu unibertsitate aurreko hezkuntzako etapa guztietarako (2 urtetik 18 urtera bitartekoak); halaber, prestakuntza jarduerak antolatzen ditu eta negozio berriak sortzen, besteak beste.

BIDEAK bidaia-agentzia: bidaia guztiak oso-osorik euskaraz eskaintzen dituen lehenengo agentzia da.

Jaiak: Orueko Pasiotarren Elkartearen beste helburu bat gizartearen kultur eta aisia beharrizanak asetzea izan da. 1958an inauguratu ziren “Eubako Euskal Jai” haietatik hasita, azken berrogeita hamar urte hauetan jai herrikoi eta ospetsuak antolatu izan dituzte. Gaur egun ere, familia giroan batez ere, horrelako jaiak egiten dira Lauaxeta ikastolaren ingurunean.

Aisia eta kultura gazteentzat. Aisiaren eta kulturaren arloan, nabarmena da IKA Kultur Alkarteak gazteentzat egiten duen lana. Elkarte hori 1979an eratu zen, Euskal Herri osora hedatzeko asmoarekin.

Argitalpenak. Hona aldizkari batzuk: Bidez, Ikastola, Gaztetxoenea, Orue, Karramarro, Karramarro txiki

Sermoiak egiten dituzte euskaraz, Bizkaiko hainbat herritan pastoraltzan dihardute eta.

Lanak euskaraz, irratirako eta hedabideetarako (Deia, Igandero Deia, Herri Irratia, Bizkaia Irratia, Arrate Irratia, Durango Irratia…).

Web orria, Bidean.net, Pasiotarrek teknologia berrien arloan egindako azken urratsetarikoa.

Bizkaiko Foru Aldundiak, 2006ko Lauaxeta sari honen bitartez, Bizkaian orain dela 50 urtetik kokatuta dagoen erlijio elkarte honen lana eskertzeaz gainera, gorazarre egin nahi dio Sabin Barruetabeña pasiotar zenduari ere, bizitza osoa euskararen alde eman zuelako: Lauaxeta ikastolako irakasle izan zen urte luzeetan, herriz herri predikalari ibili zen; Herri Irratiko langilea luzaroan, eta Labayru Ikastegiaren aholkularia euskal hiztegi entzutetsuen prestaketa lanetan.

Orueko Pasiotarrak: historia apur bat

Pasiotarren Ordena Italian sortu zen duela jada bi mende baino gehiago, eta sorreratik bertatik apostolutzarako bokazioa izan zuen.

Deustun eta Euskal Herriko beste leku batzuetan lehendik kokaturik bazeuden ere, Eubara Gabiriatik heldu ziren, hedatu beharra zutela eta. Bertan komunikazio bide hobeak zituen kokalekua aurkitu zuten.

Pasiotarrek apaizgaitegi handiagoa eraiki nahi zuten, eta euren pastoraltza zerbitzuak eskaini inguruko komunitateari. Horrela egin zituzten lehenengo loturak ingurunearekin eta bertako jendearen beharrizanekin. Eta ingurune hori Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ziren.

Erlijio elkartearen 50. urteurrenerako idatzitako hitzaurrean aita Martzel Andrinuak dioenez, Dudeako San Migel auzoan, Zornotzan, bazen Orue izeneko baserri bat. Paseko hegaztiek beti geratzen omen ziren leku eder hartan eta, indarrak berrituta, berriro abiatzen ziren euren helmugarantz.

Hain zuzen ere inguru horretan, muino baten gainean, eraiki zuten etxea Euskal Herriko pasiotarrek, euren ebanjelizatze lanean eta kulturgintzan jarduteko asmoz.

EUBA ere deitu izan diote, inguruan ezagunagoa zelako, baina berriro hartu du jatorrizko ORUE izena.

Kokaleku berri hori Gabiriako apostolu-kolegio zaharraren ondorengotzat hautatu zen. Bertan pasiotarren lanak fruitu ederrak eman ditu, euskarari eta euskal kulturari bultzada emateaz gainera.

Denboraren buruan elkarteak bat egin du euskal gizarte modernoaren beharrizan eta aldaketekin. Hala apaizgaitegia ikastetxe bihurtu zen, eta ikastetxetik sortu dira Lauaxeta ikastola, Ibaizabal argitaletxe modernoa eta denda, Orue XXI. proiektu handinahia, zaharrentzako egoitzarekin...

Eta beste hainbat eta hainbat urrats. Iraganaren garrantzia ahaztu gabe, elkarteak harro eta adoretsu begiratzen dio etorkizunari, Bizkaiko kulturaren alde lanean jarraitzeko prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!