Urte bian egin gura dute 3,5 kilometroko Durango-Abadiño tartea eta hiru zabortegi aurreikusten dira bertan (bat Durangon eta Abadiñon bi); 827.000 metro kubiko batuz. Gasteizerako BI-623 errepide gainetik –igerilekuen eta Foseco enpresaren artetik–, 916 metro batzen dituzten biaduktu bi (Untzilla, 300 m; eta Mañaria, 616 m) eta 1.624 metro tunel (Eguzkitza, 664 m; eta Larrinagatxun amaitzen den Mendigainekoa, 960 m) izango ditu, eta igerilekuen alboan dagoen baserria bota egingo dute. Zubietarako zutabe altuena 43 metrokoa ei da.

Arrasate-Elorriok, berriz, 4,4 kilometro ditu eta 40 hilean egin gura dute: Udalatxetik 3,1 kilometroko tunela egitea dago aurreikusita, eta 400 metrokoa Karraskainen. “Pentsatzekoa da zabortegiak beharko direla hor ere”, diote. Durangon 91.137 metro koadro lur desjabetuko dituzte, denbora baterako 12.752 metro koadro eta zortasun-gunerako 4.083 metro koadro; Izurtzan, kontzeptu berberetan, hurrenez hurren: 12.008, 23.198 eta 226,5.