Instituzioen inplikazio handiagoa eskatzen den arren, gizartearen gaitz hori kaleratu eta eten guran hainbat eragilek dihardute, laguntza eta babesa eman guran: Bizkaiko Diputazioaren Zutitu egitasmoa (doako asistentzi psikologikoa), Clara Campoamor, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, Abokatuaren Elkargoaren orientazio juridikorako zerbitzua edo tratu txarrak sufritutako emakumeentzako 24 orduko larrialdietarako doako telefonoa. Halako zerbitzuen osagarri izan guran, gurean Emakumeei zuzendutako lege-aholkularitza eta psikologia zerbitzua sortu da. Hurbilagoa. Kasu zehatzetan, Bilbora bideratuko dena.
Zerbitzu berria
Durangaldeko Mankomunitateak hartu du ardura, Elorrio, Abadiño eta Durangoko berdintasun teknikarien proposamenez, Gizarte Zerbitzuetako langileek ere bat egin dute. Hilaren 6an abiatu zen zerbitzu psikologikoa (Agintzariren eskutik) eta asteon aholkularitza juridikoa (abokatu baten bidez). "Bilbon badaude hainbat zerbitzu, baina, ikusi dugu emakumeentzako traba zela bertaraino joatea. Gainera, zerbitzu integrala eskaini gura da, eta Bilboko asistentzi psikologikoa zehazki biolentzia sufritutakoei zuzendutakoa da".

Premiazkoa deritze zerbiztu horri: "Gizarte zerbitzuetan egunero dihardute hainbat emakumerekin eta dituen beharren jabe dira. Eta, gaur egun, gizartean emakume izateak zer suposatzen duen badakie berdintasun teknikariek (lanaldi bikoitza, diskriminazioa, rolak betetzeko presio soziala…)". Honako telefonoa egokitu dabe zerbitzu berriari begira: 94 620 04 92.
Emakumeenganako indarkeria salatzeko manifestazioak deitu dituzte
Aldarri eguna da biharkoa, eta hainbat dira deitutako ekitaldiak. Durangoko Plataforma Feministak manifestazio isila abiatuko du 13:00etan, Andra Maritik; Berrizen, berriz, 20:00etarako jarri dute hitzordua Gure Izarrak elkarteak, Urteaga plazan. Markesaren parkean lora banatzea ere egingo da, biktima bat lora bat ekitaldian urmelara botatzeko. Elorrion, elkarrateratzea dago deituta 12:00etan, plazan; gero, bertso saioa (I. Basauri, A. Kaltzarkorta eta E. Pinillos) eta Temple (Cuerpo Escena) obra eskainiko dira.Berezko lekua hartu dau antzerkiak: Berrizen, gaur, Maltratodas (Txintxaun) izango da, 22:00etan Kultur Etxean; 25ean, aldiz, ordu berean, Durangoko San Agustin kulturgunean, Muñeca Brava (Miriam Penela). Encantada (Oihulari Clown) izango da, 20:00etan, Zornotzan.
Gainera, Berrizen Querido Franquie filma izango da, 25ean, 17:30ean, Kultur Etxean; eta, Abadiñon, Sueño de una mujer Errotan, 19:00etan. Hilaren 28 (Errota kultur etxean), Zelan aurre hartu biolentziari familiatik izango du hizpide hezkidetzan aditua den Marije Apodakak, 18:30ean.