“Jentearengana heltzen dakien bertsolaria gustatzen jat”

Anboto 2006ko aza. 10a, 18:55

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa pil-pilean dago. Azken urteotan, Unai Iturriaga eta Igor Elortzak izandako nagusitasuna desagertuta, finalisten kiniela egitea inoiz baino gatxago dago. Gorka Lazkano berriztarrak Igorreko kanporaketa irabazi dau, eta horrek finaularrekoetarako txartela ziurtatu deutso. Ez deusku abenduaren 16ko finalari buruz berba larregi egin gura izan. Euskalduna Jauregirako bidea pausoz pauso egin gura dau.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa pil-pilean dago. Azken urteotan, Unai Iturriaga eta Igor Elortzak izandako nagusitasuna desagertuta, finalisten kiniela egitea inoiz baino gatxago dago. Gorka Lazkano berriztarrak Igorreko kanporaketa irabazi dau, eta horrek finaularrekoetarako txartela ziurtatu deutso. Ez deusku abenduaren 16ko finalari buruz berba larregi egin gura izan. Euskalduna Jauregirako bidea pausoz pauso egin gura dau.

Txapelketa norekin prestatu dozu?
Normalean Eneko Abasolo “Abarkaz”egaz entrenatzen naz, baina aurten, beste bikote batekin elkartu naz. Markinara hainbat osteratxo egin dodaz, Gorka Ostolaza eta Joseba Gojenolagaz.

Ez jatzue hain txarto joan.
Ez horixe! Gorkak kanporaketa bat irabazi dau eta Joseba Igorren bigarren gelditu zen. Pozik gagoz.

Hain emaitza onak jasotzeko, zein da hirukote horren sekretua?
Saio on bat egitera joatea da gakoa. Puntuazino jakin bat lortzera bazoaz, presinoa sortzen da. Badakigu kantatzen, eta saiorik saio ibiltzen gara. “Goazen ondo egiten!” esan, eta horixe egin dogu.

Igorreko kanporaketako gaiekin gustura jardun zenduen bertsotan?
Ofiziotan-eta, zeresana zeukien gaiak emon euskuezen. Kartzelako gaia, barriz, ez dot uste kanporaketa baterako modukoa zenik.

Finalaurrekoetarako txartela eskuratzeko ez dozu puntuak zenbatzen ibili behar izan.
Halan da, bai. Eta puntuen ardurarik ez izateak lasaitasun handia emoten dau.

Igorreko aretoa jentez gainezka zegoen.
Bai, jenteak etxera joan behar izan eban, leku barik. Giro polita eta hurbilekoa izan zen. Orain dela urte batzutatik hona, txapelketek jarraitzale asko ditueela igartzen da; batez be, gazteak. 250 lagunetik gora dabilz kanporaketetan, eta hori jente asko da. Txapelketek morbo hori sortzen dabe.

Aurten, Elortza eta Iturriaga barik, morboa handitu egin da?
Baietz uste dot. Finalista barriak nortzuk izango diren jakitea gura dau bertsozaleak. Egun bateko saioan, irabazlea nor izan leiteken esatea gatxa da.

Finalean non ikusten dozu zeure burua: oholtza gainean ala entzuleen arten?
Hemendik begiratuta, publikoan. Askoz sistema hobea da presino barik joatea, eta finala etortzen bada, ondoetorria izango da.

Berrizko bertso eskolako irakaslea be izan zara. Harrobia sasoi onean dago?
Amaia Aurrekoetxea, Ibai Guridi, Miren Amuriza, Enea Pinillos eta beste hainbat gazte hor dagoz, eta hemendik pare bat urtera, zeresana emongo daben bertsolariak dira.

Noiz hasi zinen Berrizen eskolak emoten?
Orain sei urte hasi ginen, eta lau urtean talde majoa sortu genduen. Gaur egun, Miren Amurizak eroaten dau.

Zein bertsolari dozuz gogokoen?
Jentearengana heltzen dakien bertsolaria gustatzen jat. Igor Elortzaren zuzentasuna, Iturriagaren bizitasuna eta Etxaun Lekueren zorroztasuna aukeratuko neukez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!