Atzotik Durangaldeak ordezkari bi gutxiago dauzka Cafés Baqué etorkizuneko pilota txapelketan. Kadete mailako bigarren partiduan Domeka ortuellarrak 18 eta 10 menpean hartu zuen Alberdi berriztarra. Aurretik Garita mallabiarrak kanpoan utzi zuen Mendinueta arabarra, (18-10).
Gazte mailan, berriz, Mendizabal gipuzkoarrak ez zion aukerarik eman Azkarraga mañariarrari eta 22-5 jipoitu zuen Mañarian bertan, jaialdiko azkeneko partiduan. Gazte mailako lehenengo partiduan Arkotxa Arrigorriagako ordezkariak emaitza berberagaz menpean hartu zuen Egaña markinarra.
Datorren eguaztenean, urriaren 4an, bigarren jardunaldia jokatuko da C eta D multzoetan. Kadete mailan Barrenetxea usansoloarrak Olaeta Sestaoko pilotariaren kontra jokatuko du. Azken horrek Sukia gipuzkoarra menpean hartu zuen lehenengo kanporaketan, 18-8. Bigarren partiduan, Azkunaga arabarrari 18 eta 5eko emaitzaz irabaztetik datorren Vega gernikarrak Arrese Igorreko ordezkariaren kontra jokatuko du.
Gazte mailan, berriz, Diez ortuellarrak Salaberria elorriarraren
kontra jokatuko du. Diezek estuasunak izan zituen lehenengo
kanporaketan Gojenola lemoarra gainditzeko (22-21). Bigarren partiduan
beste elorriar bat arituko da. Landaburuk Azkune durangarra menpean
hartu zuen lehenengo kanporaketan, 22 eta 5, eskualdeko lehenengo
derbian eta bigarren kanporaketan Txurruka gipuzkoarragaz neurtuko ditu
indarrak.