Berrizburu kiroldegiko estalkia berritzeko lanak abian dira

Anboto 2024ko uzt. 24a, 13:55

Obrak uztailean eta abuztuan zehar egingo dituzte

Berrizko Udalak Berrizburu kiroldegiko estalkia berritzeko lanak hasi ditu. Udalak prentsa oharrean dioenez, egituraren antzinatasuna kontuan hartuta – 1980ko hamarkadaren hasieran eraiki zen – narriadura-zantzu nabarmenak zituen, eta ez zituen betetzen gaur egun horrelako kirol-azpiegitura bati eskatzen zaizkion gutxieneko isolamendu termiko eta erosotasun baldintzak.


Lanei dagokienez, udal kiroldegiko estalkia erabat berritzea aurreikusten da; beraz, lehenik eta behin, xaflazko eta polikarbonatozko hormak desmuntatuko dira eta egitura osoa berrituko da polikarbonato zelularreko plaka berriak instalatuta. Gainera, euri-urak eta isuriak biltzeko erretenak ordezkatuko dituzte. Esleipen prezioa 136.282,20 eurokoa da, BEZa barne, eta lanak uztaila eta abuztua bitartean egingo dituztela iragarri du udalak.


Orlan Isoird Berrizko alkateak obra horien garrantzia azpimarratu du, erabiltzaile ugari dituen instalazio bat berritzeko aukera ematen dutelako. "Funtsezkoa da udal instalazioak ahalik eta baldintza onenetan egotea, eta estalki berri honekin kalitatezko jauzia egingo dugu, isolamendu termikoaren araudira egokitzeko eta, aldi berean, eraginkortasun energetikoa eta udal eraikinen iraunkortasuna hobetzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!