Iremiñek jaurtiko du Berrizko jaiak hasiko dituen txupinazoa

Aitziber Basauri 2024ko eka. 26a, 08:30

Aurten 55 urte bete ditu dantza taldeak, eta urteurren ospakizunetan murgilduta egon dira ekainaren 14tik 16ra.

Iremiñe dantza taldearentzat urte borobila izaten ari da aurtengoa. Aurten 55 urte bete dira taldea sortu zenetik, eta urteurrena ospatzeko ekitaldietan murgilduta egon dira orain gutxi arte. Orain, herriko jaiak hasiko dituen txupinazoa jaurtitzeko ohorea ere izango dute. Ilusio handiz hartu dute gonbitea. "Ez genuen espero pregoia egitea, aukera hori aztertu ere ez genuen egin eta sorpresa polita izan da", esan du taldeko Andoni Urtiagak. 

Herriari eskerrak emateko aprobetxatuko dute udaletxeko balkoia. Dantza taldeak urte osoan zehar jasotzen duen berotasunagaitik oso eskertuta daudela dio Urtiagak. Are gehiago taldearen 55. urteurreneko ekitaldian jasotako berotasunagaitik. "Oso egun politak bizi izan ditugu eta esker hitzak baino ez ditugu herritarrentzat", gaineratu du Urtiagak. Ekainaren 14tik 16ra bitartean batu zituzten ekitaldi nagusiak. Asteburu "borobila" izan zuten, Urtiagak azaldutakoaren arabera: "Lehenengo egunetik jende mordoa elkartu ginen eta zapatukoa izugarria izan zen. Frontoia bete egin zen gu dantzan ikusteko, eta horrek poztasun handiz betetzen gaitu. Domekan ere goraino bete zen futbol zelaia, Iremiñeko dantzariak direnak eta izan direnak ikusteko. Orduan ere jendearen berotasuna sentitu genuen".

Herriko jaietarako ez dute ekitaldi berezirik prestatu. "Egin beharreko ospakizun eta jaiak egin ditugu; dantzan, zelan ez!", aipatu du Urtiagak. Hartara, Iremiñek urteroko ekintzetan parte hartuko du. Ume txikien talde bat eta ezpatadantza ikasten dabiltzan neska-mutikoen bost talde dituzte gaur egun. Baita nagusien talde bat eta gaztetxoen beste bat ere. Dena dela, Urtiagaren berbetan, behar dutenean dantzari helduen laguntasuna ere izaten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!