Nutec Procal enpresako langileek bost greba egun egin ondoren, enpresa itun propioa sinatzea lortu dute. Akordio horrek kimiketako estatuko hitzarmenaren hainbat atal "nabarmen" hobetzen ditu, LAB sindikatuak azaldu duenez. Sinatutako enpresa itunak bi urteko indarraldia izango du (2024-2025). Aldi horretan, soldata KPIa baino 2 puntu gehiago igoko dela bermatuko dute, eta lanaldi murrizketa 16 ordukoa izango da aurten, eta 24koa 2025ean. Bajen osagarriak ere hobetu dituzte. "Akordioari eskerrak, Aldi Baterako Laneko Enpresetako 10 langile mugagabeak izango dira, eta gainerakoei enpresako plantillaren baldintzak parekatuko zaizkie, eta beren lana ABLEen bidez bete dezaketen denbora mugatuko da”, azaldu du LABek. Nutec Procal enpresa Berrizko Eitua poligonoan kokatuta dago eta 50 langilek osatzen dute.