Zelan kargu berrian?
Aspertzeko astirik barik, neure saltsan. Ezagutzen nautenek badakite geldirik egoten ez den horietakoa naizela. Gogotsu heldu diot erronka berri honi eta neure onena emango dut proiektu hau aurrera ateratzeko. Nabarmendu gura nuke nire ondoan dudan lantaldearen babesa; politika munduan berria izanik, eskertzekoa da.
Zeintzuk dira aurrekontuetan aurreikusitako inbertsio nagusiak?
Gizarte zerbitzuak indartzea izango da gure lehentasun nagusia, beharrizanik handiena dutenek zerbitzu duinak jasotzen dituztela bermatzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako, aldaketa estrukturalak egingo ditugu, eta, proiektu ikusgarriei begiratu barik, lanpostu bi egonkortu eta hirugarren bat sortuko dugu, gizarte langileen lan karga arintzeko eta herritarrentzat zerbitzu duina bermatzeko. Horrez gainera, hondakinak batzeko kamioi berri bi erostea aurreikusten dugu, baina inbertsio hau ez dago aurrekontuetan, eta soberakinetik egiteko asmoa dugu.
Eta legegintzaldian zer indartu gura duzue Mankomunitatean?
Garrantzitsua da, aurrera begira jarri aurretik, oraina ordenatzea, eta, alde horretatik, lan handia dugu egiteko oraindino, hainbat gauza dugulako ordenatzeko eta antolatzeko. Aurrekontuak onartu berri ditugu eta hurrengo hileetarako proiektu eta erronka mardulak ditugu esku artean.
Berriz Mankomunitatean sartzerakoan, gizarte zerbitzuak batu dira herri horretan. Izan du eraginik?
Berriztarra naiz eta oso ondo ezagutzen dut prozesua. Garai hartan ez nintzen zinegotzia eta ez nengoen EH Bildura lotuta, eta, kanpotik ikusita, prozesu guztia presaka egin zela iruditu zitzaidan, dekretuz eta ezelako eztabaidarik barik.
Horrek ondorio batzuk izan ditu Berrizko gizarte zerbitzuetan, eta baita gainerako herrietako gizarte zerbitzuetan ere. Orain, Mankomunitateko presidente legez, apurka-apurka gizarte zerbitzuak indartzeko lanean aritzea tokatzen zaigu, bai Berrizen eta baita Durangalde osoan ere.
Aurreko gobernuak Elkartegia erosteko asmoa plazaratu zuen. Zertan da gai hori?
Halaxe da. Elkartegian zerbitzu guztiak zentralizatzearen aldekoa naiz. Jada mahai gainean ipini dugu gaia eta zerbitzu guztiak bermatuko direla ziurtatu behar dugu, hurrengo pausoa eman aurretik. Iruditzen zait asmoetatik ekintzetara igaro behar dugula. Elkartegia erosteak Mankomunitateko zerbitzu guztiak zentralizatzea suposatuko luke, eta horixe da neurtzen gabiltzana. Ea zerbitzu guztiak hemen kabitzen diren.
Non ikusten dituzue gabeziak? Eta indarguneak?
Gabeziak baino gehiago, ahuleziak direla esango nuke. Mankomunitateak izan ditzakeen ahulezien artean, administrazio publikoak tramiteak garatzeko batzuetan duen erritmo motela aipatuko nuke. Gure kasuan, beharrizanik handiena dutenentzat lan egiten dugu, eta erritmo motel horrek eragin zuzena izan dezake pertsona horien bizimoduan.
Indargune legez, Mankomunitateak lantalde ikaragarria daukala aipatu gura nuke. Ordezkari politikoak bagatoz eta bagoaz, baina hemengo langileek ateratzen dituzte aurrera proiektu horiek, gure erabakien bitartez. Eta, beraz, ezinbestekoa da euren lana goraipatzea.
Mankomunitateak zein zerbitzu eskaintzen die neguan etxebakoei?
Ibaizabal Ikastola Kooperatiban 10 plaza eskaintzen zaizkie gaueko zerbitzuan, abendutik martxora bitartean: ostatua, afari eta gosari otorduak, higienerako paketea, arropa garbiketa eta larrialdietarakoak. Gainerako hileetan zehar beste bost plaza eskaintzen ditugu. Oraindino asko dago egiteko, baina gutxienez hamar pertsona horiek teilatua daukate eta inklusio prozesu bat hasi dezakete.
Zertan da Berrizko belodromoaren gaia?
Berrizko belodromoa eraberritzeko aurreproiektua egiten gabiltza oraingoz. Esku artean dugunean, eskualdeko alkateei jakinaraztea izango da lehenengo urratsa, eta, iritziak partekatu ondoren, behin betiko erabakiak hartzea izango da hurrengoa.
Mankomunitatearen beste lan ildo garrantzitsuenetariko bat zabor bilketarena da. Zeintzuk dira erronkak?
Zabor bilketarako kamioiak erosteaz gainera, hondakin organikoaren kanpaina bat egin gura genuke, gai horri beste bultzadatxo bat emateko. Erakundeetatik lan handia dugu aurretik birziklapenaren aldeko kontzientziazioari dagokionez.
Zelan ikusten duzue Durangaldeko herrien kohesioa?
Udalen arteko hartu-emana ona dela esango nuke, eta Mankomunitateak ere etenik bako hartu-emana du udalekin. Horrela izan behar dela uste dugu, eta iruditzen zait Mankomunitatea oso tresna baliagarria izan daitekeela helburu hori lortzeko.
Droga-mendekotasun Sailari dagokionez, zelan baloratzen duzue arlo honetan egiten den lana?
Prebentzio zerbitzutik egiten den lana beharrezkoa dela iruditzen zait. Oinarri-oinarrian, dependentzia guztiak emozioen gestioekin daude lotuta. Horregaitik, mendekotasun horiek ekiditeko, gure eskualdeko haur eta gazteekin egiten den lana nabarmendu gura nuke.
Eta kontsumitzaile bulegoarena?
Egonkortuta dagoen zerbitzua da. Herritarrek oso ondo baloratzen dute Kontsumo Bulegoan egiten den lana. Urte batzuetan, Bizkaian izapiderik gehien egin duen bulegoa izan da, eta horrek zerbitzuaren kalitatea erakusten duela uste dut.
DEK Durangaldea enpresa ekimena ere martxan da. Zelan doa proiektua?
Gobernu aldaketagaz, DEK-en ere presidentzia aldaketa egon da, eta, beraz, datozen hileetan erabaki beharko dugu zein izango den DEK-en norabidea eta eman beharreko pausoak.
Enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko ekimena ere martxan ipini duzue. Zein emaitza izaten ari da?
Bai, dagoeneko martxan da. Landue programaren bitartez, eskualdeko enpresetan lan bikaina egiten dabiltza euskara sustatu eta erabili ahal izateko. Oraingoz, 26 enpresa daude atxikita Landuen, eta urte honetan beste 20 bat enpresa atxikitzea aurreikusten dugu. Euskarari behar eta merezi duen garrantzia eman behar zaiola iruditzen zait, eta enpresagintzan ere bere lekua behar du.