Laugarren legegintzaldia hasi duzu alkate legez. Zelan baloratzen dituzu hauteskundeetako emaitzak eta zelan ekin diozu legegintzaldi berriari?
Legegintzaldiari lotuta, laugarren legegintzaldia da alkate karguan, bai. Alde horretatik, gogotsu nago. Mila dira herriaren aldeko ekimenak, eta prest nago erronka horiei aurre egiteko. Taldean aurrera eramateko proiektuak dira, herritarrekin batera. Alde horretatik, pozik nago. Emaitzei dagokienez, lau legegintzaldi hauetan emaitza desberdinak izan ditugu. Lehenengoan ere minorian egon ginen. Hurrengo biak gehiengo osoz landu genituen. Oraingoan ere minorian, baina alderdi sozialistagaz osatu dugu gobernu taldea.
Zeintzuk dira legegintzaldi honetako erronkak?
HAPOa tartean dugu. Herria garatzen joan da eta horri ekiteko momentua dela uste dugu. HAPOa partaidetza bidez jorratu behar denez, horixe izango da legegintzaldiko lanik mardulena eta sakonena. Irisgarritasun proiektuak ere tarteko izango dira. 70eko hamarkadako urbanizazioak ditugu. Berriz ezagutzen dugunok badakigu zelako erripatsua den. Badaude auzo batzuk irisgarritasun arazoekin, eta eremu horiek irisgarri bihurtu behar dira. Inbertsio garrantzitsuak egin beharko dira horretarako. Bestalde, badaude beste proiektu batzuk aisialdiari lotuta. Berrizburuko inguruan hainbat proiektu landu dugu urte hauetan. Ur parkea lizitatu da eta obrak martxan daude. Umeentzako parkea faltako litzateke, eta kultur ekimenetarako anfiteatro naturalizatu bat. Hori guzti hori eginda eta komun publiko automatizatua egokitzen denean, eremu hori osatuta geratuko da. Era berean, pandemiagaz hainbat proiektu geldirik egon da. Atzean geratu diren egitasmoak martxan ipiniko ditugu orain. Auzo buzoiak berrizteko proiektua ere ipiniko dugu martxan. Urte amaieraren aurretik lizitatuko da.
Zelan daude 2024ra begirako aurrekontuak?
Erronka nagusietariko batzuk egingo ditugu. Irisgarritasunari bultzada bat emango diogu. Auzoetako bide batzuk txukundu barik daude eta lehentasuna eman behar diegu, baita hurrengo urteetarako planifikazioa egin ere. Badaude obrak ez diren proiektuak, mugikortasun plana esate baterako. Hauek ere HAPOagaz lotuta egongo dira. Oraintxe hasi gara aurrekontuak lantzen, hurrengo batzorderako sarrera eta gastuen lehenengo kontuak ematen, eta ea prest ditugun urte amaierarako.
Memoria historikoaren inguruko lanketa udalaren esku geratu da. Zelako prozesua izan da?
Berriz 1936 kultur elkarteak ibilbide luzea egin du. Lan itzela egin du urte hauetan memoria azaleratuta. Ibilbide honen ondoren, udalak erreleboa hartu behar lukeela eskatu zen, beti ere herrira zabalduz. Horrela, deialdia egin genuen, sortuko zen talde motorean parte hartzeko. Gainera, izena ere aldatu zaio. Giza eskubideen inguruko taldea da. Taldeak guda zibilaren inguruko gaiak lantzen jarraitzen du, eta irailaren 11 oroitzen. Baina giza eskubideen esparru zabalago hori ere lantzen du. Taldea martxan da, eta aurtengo irailaren 11 eta horren inguruko ekimenak talde horretatik irten dira.
Zertan da belodromoaren inguruko proiektua? Mankomunitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia tartean daude.
Guretzat sekulako proiektua da. Ez bakarrik Berrizko herriarentzat, eskualde osoarentzat baino, eta baita Euskal Herriarentzat ere. Izan ere, Berriz erkidegoaren erdi inguruan dago, logistikoki oso leku estrategikoan dago. Planteatzen den belodromo proiektua ezohikoa litzateke. Zurezko tarimadun belodromoa izatea planteatu da. Horrek belodromoa estaltzea dakar, eta hainbat aukera emango luke arlo profesionalari begira, UCI probak ekartzeko eta abar. Horrek arlo ekonomikoan bere onura eragingo dio eskualdeari. Berriz eta eskualdea mapan kokatzea ekarriko du. Horregaitik, hasieratik adituekin lantzen gabiltza proiektua.
Zein fasetan dago belodromoaren proiektua?
Badabiltza garatzen, eta 300.000 eurotik gora ipini ziren horretarako. Proiektu hori amaitzen denean, diru-laguntzak medio, eta Mankomunitateak bere plan estrategikoan txertatu zuen dirua kontuan izanda, ikusi egin beharko dugu aurrera egiten duen. Gure partetik poz handiz hartuko genuke aurrera egingo balu. Berrizburu inguruan txirrindularitzari loturiko beste azpiegitura batzuk ditugunez, sinergiak sortuko lirateke. Iñaki Lejarretaren zirkuitua, BTTkoa eta ziklo-krosekoa iraunkorrak dira. Pump Track-a ere hortxe dago. Skate pista berritua txirrindularitzako beste diziplina batzuk lantzeko baliagarria da. Beraz, txirrindularitzak oso esparru potentea dauka Berrizen.
Zertan dira Oizeko aurkikuntza geologikoak? Mallabiagaz batera ibilbide bat sortu zen.
Lehenengo fasea iaz hasi genuen, udalerri biok batuta. Aurkikuntza garrantzitsuak azaleratu ziren eta bigarren fase bati ekitea zen ideia. Horretan gabiltza aurten. Prospekzioak amaituta dituzte eta txosten teknikoaren zain gaude. Horren arabera baloratuko dute emaitzek zer esaten duten. Proiektu hori estazio megalitikoen ibilbide bategaz lotuta dago. Hori ere proiektuaren barruan dago eta hori ere gauzatuko litzateke, Oiz inguruan ditugun beste baliabide batzuekin batera. Aurten hasiko dira Oizko hezeguneak baloratzeko lanak. Hezegune horietan, ondare naturalen arloan oso elementu garrantzitsuak ditugu eta horiek ere estazio megalitikoko ibilbideagaz uztartuko dira.
Urte askoan Mankomunitatetik kanpora egon eta gero, berriro kide egitea erabaki zenuten. Zein onura eragin dio horrek Berrizi?
Berriz Mankomunitatetik irten eta gero, urte batzuetara, zerbitzu txiki batzuetara atxikitu zen. 2007an Agenda21eko zerbitzuetan geunden. Azkenengo 10 urteotan beste zerbitzu batzuetan, euskara arloan, OMIC kontsumitzaile bulegoan ere bai. Azken zerbitzu honen kasuan, herritarrek Bilboko kontsumitzaileen bulegora joan behar izaten zuten artatuak izan zitezen, eta, Durangon bulegoa izanda, horrek ez zuen zentzu handirik. Gaur egungo estatistikek diote berriztarrek erabiltzen dutela zerbitzu hori, eta zerbitzu garrantzitsua dela. Zerbitzurik handienetara atxikitzea eta kide oso izatea falta zitzaigun. 2021ean, ongizate eta kirol zerbitzuekin bat egiteko erabakia hartu genuen. Kirol zerbitzuetan badakigu belodromoa tarteko dagoela. Belodromoa Berrizen egonda eta gu Mankomunitatean ez egoteak ez zuen zentzu handirik. Atletismo pista eta trinketa ere hortxe daude. Gauzak horrela, arlo horretan ere prest gaude elkarlanean aritzeko. Gizarte zerbitzuei dagokienez, gauza batzuetan hoberantz egin dugu zerbitzu batzuetan, Mankomunitatea hobeto dagoelako, eta beste batzuetan beharbada baxuago. Hori orekatzen joatea da orain kontua. Gainera, gizarte zerbitzuen kartera hor dago, eta hori bete egin behar da; batek zein besteak gobernatu, lan ildo horiek landu egin behar dira. Proiektu batzuk areaka landu behar dira eta hori garrantzitsua da. Legearentzako area guk eskualde esaten dioguna da. Eta comarca esanda, Durangaldeari eta Lea-Artibairi egiten zaie erreferentzia. Hor badago gainerako udalekin elkarlanean aritzeko esparru bat. Uste dut solidarioak izan behar dugula eta Mankomunitatearen funtzionamendua horretan islatzen dela. Horixe zen Mankomunitatean sartzeko helburuetariko bat, Berriz ere eskualdeko parte izatea eta solidaritate horren parte izatea.
Berrizek, Mallabiagaz batera, Markinara doan bidean abiadura moteltzeko neurriak eskatu ditu hainbat bider Bizkaiko Foru Aldundian. Mallabian radarrak ipintzeak izan du eraginik?
Mallabiak eta Berrizek elkarregaz egin genuen eskaera Bizkaiko Foru Aldundian, baina, egia esan, istripurik gehien Mallabiko partean gertatu dira. Mallabiko zatian radarrak ipini ziren eta horri jarraipena ematea da gure ideia. Horrez gainera, Laritz inguruan pasarela bat eraikitzea eskatu diogu Aldundiari. Larizko bidegurutzea Andikonako bidegurutzeagaz lotzen duen lekuan. Hori ere legealdi honetarako proiektuetariko bat da. Horrela, eremu horretan oinezean zein bizikletan doazenak San Lorentzorik Andikonarako bidean seguruago pasatzea ahalbidetuko genuke.
Radarrak Berrizen ere ipintzea gura duzue?
Bai, batez ere pasarelaren inguru horretan. Jende askok Andikonako buelta egiten du, eta bertan bizi direnentzat ere mesedegarria litzateke.
Berrizek duen biztanle kopurua kontuan hartuta, oso kultur eskaintza zabala dauka.
Ahalegin handia egiten dugu kultur ondarea berreskuratzen. Euskarari loturiko apustu bat da. Kultur eskaintzari erreparatzen badiozu, ume, familia eta gurasoentzat euskarazko eskaintza oso zabala dela ikusiko duzu. Ekimen asko euskara hutsean da. Euskal Herrian antzerkiaren munduan dabiltzanek esan zuten 20.000 biztanleko herri baten pareko programazioa dugula. Kirol arloan ere goraipatzekoak dira gure azpiegiturak.
Zein egoera bizi duzue etxebizitza arloan?
Erronka bat dugu. Etxebizitza proiektu bat lotu beharko litzateke gazteak herrian geratu daitezen. Hor badago promozio pribatu bat oraindino jorratu barik. Promotoreen araberako proiektua da, Forjas de Berriz egon zen inguruan. Ea hori ere apur bat bultzatu daitekeen eta horrek bidea ematen digun etxebizitza berriak planteatu daitezen. HAPOak ere landuko du esparru hori, baina, bien bitartean, hor daude esku artean ditugun partzelak. Gazteentzako alokairua sustatzea ere garrantzitsua da, herrian geratu daitezen.