Urtebetez, arrankaidxek, katamixerra, erlaidxek eta beste berba asko batuta Berbalapiko hiztegia osatu dute Berrizen. "Bertako berbakera galtzen dabilela uste dugu, gure aitita-amamek erabiltzen zuten berba asko, eta baserrietako gauza asko ere ez da ezagutzen", azaldu du Maite Guerenabarrena euskara teknikariak. Euskara Sailak sustatu du egitasmoa eta hainbat berriztarrek parte hartu dute bertan. "Gazteen eta adinekoen artean transmisio lana egiteko baliagarria ere badela uste dugu", azaldu du Montse Albizuri berriztarrak; Danel Medina ilobagaz batera parte hartu du egitasmoan. Urtean zehar baturiko berbekin hiztegia osatzen joatea da asmoa; Ekarpenak euskara@berriz.eus helbidera bidali daitezke.