Interes Publiko Goreneko Proiektuen erregularizazio berriaren aurka egin du Berrizko Udalak

Anboto 2021ko aza. 29a, 09:07

Joan zen astean EH Bilduk osoko bilkuran aurkeztutako mozioa onartu egin zen. Guztira aldeko lau bozka jaso zituen mozioak (EH Bilduko hiru eta Podemoseko bat), hiru abstentzio (EAJ) eta kontrako hiru bozka (EAJ). 

Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuaren baitan sustatu nahi duten "Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura" jasotzearen aurka agertu zen joan zen eguaztenean osoko bilkura. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen horren kontra egiteko. "Aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahamena ematen zaio ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko. Figura hori lurralde eta hirigintza-plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat da. Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzen da, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen diren erabilerak mugatzeko", adierazi zuten mozioan EH Bildukoek. 

Hori horrela, mozioa onartuta, Berrizko Udalak adierazi zuen figura horren kontra dagoela eta udalen toki-autonomiarentzat kaltegarrria den eta toki-demokrazi urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela. Gainera, Eudel-i, Euskadiko Udalen Elkarteari, udalen interesa defendatzeko eskatuko diotela eta Berrizen hartutako erabakiaren berri emango diotela azaldu zuten. 

Orland Isoird alkatearen hitzetan, Eusko Jaurlaritza lantzen dabilen figurak "erronka larriei beharrezko eta premiazko irtenbideak" hartzeko balioko du, eta horregatik EH Bilduko mozioaren aurka egin zuten. "Figurak Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua gaituko du, betiere izapide arduratsu, garden eta bermaitzale baten bermearekin eta ingurumen-legeriaren horretarako ezarritako prozedurek eskatzen dituzten eskakizunak zorroztasun osoz betez", azaldu zuen alkateak. 

Alkateak eta EAJko beste zinegotzi bik mozioaren kontra egin zuten arren, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aurrera irten zen. Mozioak aldeko lau bozka jaso zituen: EH Bilduko hiru eta Podemoseko bat. EAJko gainontzeko hiru zinegotziak abstenitu egin ziren. 

Durangon eta Elorrion aurrera
Mozioa eskualdeko beste hainbat udaletan ere eztabaidatu zuten. Durangon eta Elorrion mozioa onartu zen. Zornotzan, berriz, mozioa eztabaidatu zen arren, ez zen onartu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!