Herri pilotazale batean sortu nintzen duela 34 urte, Berrizen. Bizkaia mailan erreferentea zen herriko pilota eskola, pilotari sorta ederra emandako harrobia. Frontoiaren kokapenak ere izango zuen zerikusia horretan: herri erdi-erdian; plaza, parkea eta probalekua lagun; bikaina herriko gazteentzat. Futbol-zelaia herritik aparte; goialdean gainera, bertara joatea nekezagoa izan zedin. Hala eta guztiz ere, nire familian ez nuen aurrekaririk pilotan jokatzeari dagokionez, horregatik esan izan dit askotan aitak: “ez dakit nola aukeratu zenuen pilota, ni futbolzalea izan bainaiz beti!”. Baina herriko gazte gehienek frontoia aukeratzen zuten; eta badakizue, haizea nora, zapia hara.
6 urterekin jo nituen nire lehen pilotakadak, eta, handik gutxira, orduko Berasaluze IV pilota eskolan eman nuen izena. Garai hartan, 90eko hamarkadan zehar debuta egingo zuten etorkizuneko gazte bikainak zeuden: Lejardi, Bazeta, Milikua, Berasaluze VII eta Berasaluze VIII, baita Albizuri ere. Mikel Berasaluze pilotari ohiak sortutako eskola zen. Berak gidatzen zuen, baina berarekin eskuz esku lan egiten zuten laguntzaile bikain bi zituen: Uribarri anaiak, Felix eta Juanito.
Pilota munduari lotuta egon den orok ezagutuko ditu, seguru asko, Uribarri anaiak. Berasaluze IV pilota eskola zenari, Oizpe izena eman zioten. Izena herritartu zuten, izaera inklusiboago baten alde. Horrez gain, zenbat ordu, egun eta urte pilotari zein herriko pilotarioi eskainiak. Astean zehar, arratsaldeko 16ak arte lantegian lan egin eta zuzenean frontoira, gaua heldu arte, hutsik egin gabe. Eta, asteburuetan, ume eta gazteekin frontoiz frontoi batera eta bestera. Musu truk.
Zenbat irakaspen jaso genituen zuengandik. Oinarrizkoena: pilotari batek ondo sakatzen jakin behar du. Horrela izan ditu beti Berrizko herriak pilotari sakatzaile bikainak. Aurretik aipatu ditudan izenak horren adibide garbia dira, baina, batez ere, nire auzokidea eta sekula ikusi dudan sakatzailerik onena den Asier Berasaluze datorkit gogora. A zer beldurra ematen zuten bere sakeek! Irakaspen horien beste hainbat adibide ere jar daitezke: atzetik aurrera jokatu behar dela beti, jokaldia azken momentura arte nola ezkutatu… zerrenda amaigabea.
Felix eta Juanito ezagutzen ditugunok, badakigu bihotza tristuraz betetzen zaiela gaur egun gure herriko frontoia hutsik ikusten dutenean. Bere garaian, gurasoek kirol elkarteak bete zituzten aroan, eskolaren antolaketa aldatu behar zela erabaki zuten batzuek; anaiok, ustez, ez baitziren kudeatzaile onak. Paper kontuak ez ziren beren indargunea, baina pilotarekiko zuten maitasunak eta militantziak eskola bikaina eta frontoikada ederrak gidatu zituzten urte askoan, denborarekin hutsik geratu den toki berean.
Gizartearen beraren metafora bat da Berrizko frontoian gertatu dena. Atxikimendua eta militantzia krisi betean dauden garaiotan, dena instituzionalizatu eta kudeatzaileen esku uzten den honetan, herrigintza gainbehera doa. Ez gara jabetzen pertsonek bihotzez eta interes pertsonalik gabe egiten duten lan horren indarraz eta garrantziaz. Nik eta beste askok anaia horien pilotarekiko militantziatik eta lanetik edan genuen, eta pilotari bezala hazi ginen. Pilotarekiko zuten maitasun horren emaitza gara. Gauza bakarra daukagu haiei esateko: eskerrik asko.