“Erantzunik bako galdera asko daude; urduritasuna eta egonezina nabarmenak dira ikastetxeetan”

Aitziber Basauri 2020ko mai. 31a, 10:00

Astelehenean, DBHko laugarren mailako eta Batxillergoko eta Lanbide heziketako 2. mailako hainbat ikasle bueltatu ziren ikasgeletara Hego Euskal Herrian. Dena dela, itzulera ez da orokorra izan. Boluntarioa da aurrez aurreko eskoletara bueltatzea, eta Berrizko DBH Institutuan lez ikasle asko ez dira gelara itzuli. ANBOTOk Ainara Fernandez Berrizko DBH Institutuko ikasketa buruarekin hitz egin du. 

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak esan du "osasun baldintzak" betetzen direla ikasgeletara bueltatzeko. Horrela dela uste duzu?
Ez. Ez dago ikasgelak zabaltzeko kondiziorik. Sailburuak esan zuen moduan, arau orokor lez, ezin dira denak ikasgeletara bueltatu. Sarrera-irteerak eta atsedenaldiko orduak zaindu behar ditugu, eta distantziak mantendu. Hala ere, DBHko laugarren mailako ikasleek hautazko ikasgai asko dituzte, bikoizketa asko egiten dituzte, horrek dakarren mugikortasunagaz. Gehienez 15eko taldeak egon behar dira. Bada, gure kasuan, 21 ikasle inguru izanik gelako, lerro bitik laura pasatu beharko genuke, gutxienez. Baina, gehituko da irakasle kopurua? Eta, horrela bada, zelan uztartuko da lan hori telelanagaz? Irakasle horiek beste mailetako ikasleak ere badituzte. Erantzunik bako galdera asko daude; urduritasuna eta egonezina nabarmenak dira ikastetxeetan. Bestalde, irakasleak edo ikasleen senitartekoak arrisku taldeetan egon daitezke.

Hezkuntza Sailak, azkenean, konfinamendua arintzeko 2. fasera arte itxaron du, berme juridikoa arrazoituz. 
Bai. Oso egun frenetikoak bizi izan ditugu. Gainera, Hezkuntza Sailak ikastetxeongan ipini zuen zorrotz bete beharreko osasun neurrien erantzukizuna ere. Joan zen astean, hidrogelezko 12 pote, 150-200 maskara eta termometro bat jaso genituen. Baina kontuan izanda DBHko 4. mailako 57 ikasle daudela, 20 bat irakasle horiekin lanean, zuzendaritza taldea, irakasle ez diren langileak... egun bian agortuko lirateke. Ez da desinfekzio lan orokorrik egin. Garbitzaileek eurek egoera ikusita, garbiketa sakonagoak egin dituzte.

Zelan ikusten duzu ikasleen buelta?
Durangaldeko ikastetxeak hartu-emanean egon gara eta denok antzera batean jokatzen gabiltza. Indartze klaseak planteatu dira; bestalde, batxillergoa duten ikastetxeetan ardura handiz bizi dute egoera, uztailean selektibitatea dute eta. Baina ez da aurreikusi ikasgelak era orokortuan zabaltzea. Lanbide heziketan ausartagoak izan diren arren, ikasle batzuk ez dira bueltatu.

Pantailak ikasgela bihurtu dira hile bi hauetan. Zelan moldatzen zarete?
Ez da erraza, eguneroko hartu-emanera ohituta gaudelako. Urteak daramatzagu IKT formakuntzagaz, eta aurrez aurrekoa ordezkatzea oso zaila dela konturatu gara. Telelanak aurretiazko prestaketa lan handia eskatzen du eta egonezina sortu da. Denbora errekorrean murgildu gara honetan, eta zalantzak sortzen zaizkigu ikasleek dena ulertu ote duten. Bai ikasleek bai familiek ahalegin bat egin dute, eta  jarraipena, orokorrean, ona izan da.

Atzean gelditzeko arriskua handiagoa da egoera honetan.
Aniztasun handia dago ikaslegoan, maila sozio-ekonomiko kulturalagaitik edo beste arrazoi batzuengaitik, eta mintegietan ikasgai bakoitzean egon litezkeen premiak eta kasuistikak aztertzen ari gara, ikasle guztiek ikasturtea ahalik eta egokien amaitzeko. Era mailakatuan egingo genuke, protokoloak zorrotz betez eta denon osasuna bermatuz. Asko berba egin da arrakala digitalaz, baina atzean arrakala sozio-ekonomikoa eta kulturala daude, pandemiak areagotu egin duena. Urteetako aldarria dira bestelako giza baliabideak, bestelako hezkuntza politikak. Ordenagailu batek ez du dena konpontzen. Atzean dagoenari errotik heldu behar zaio.

Ekainean ikasturte berria antolatzen hasteko erronka ere baduzue.
Bai. Horretarako, ezinbestekoa dugu ikasturtea zelan hasiko dugun argitzea, beste maila guztietan ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!